Julene Azpeitia Saria ere, Legorbururen poltsikora
Iñigo Legorburuk poesia saileko helduen saria eskuratu du Durangoko sariketan.
Julene Azpeitia sarietako berrogeigarren ekitaldian saria lortu du Iñigo Legorburu errenteriarrak. Poesia sailean erdietsi du garaipena. 250 lan aurkeztu dituzte sariketako kategoria eta genero guztietara eta igandean egin zuten sari banaketa Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.
Zorionekuak gu? lanarekin lortu du saria Legorburuk, “70 bertso eskaseko lan laburra da. Irulegiko eskuaren aurkikuntzaren ondoren, hainbeste aldiz sorioneku hitza entzun eta aspertzera iritsi nintzenean idatzi nuen. Esaten ziguten euskaldunok guztiz sorioneku izan behar genuela, euforian bizi, zorionaren aparretan. Nik eguneroko bizipoza apalaren alde egiten dut, askoz ere errealista eta osasungarriagoa denontzat”.
Legorburuk 300 euroko diru saria eta diploma jaso zituen. Gainera abenduan argitaratuko dute bere lana, gainontzeko lan irabazleekin batera, liburura bilduta.
Zorionaren aparretan, edota bizipoza apalean zorioneko dago Legorburu beste sari bat etxera eramanda.