Ekainaren 24an, Pasaiako Emakume Sortzaileen I. Azoka
Antxoko Biteri plazan egingo dute, 11:00etatik 14:00etara. Bekoz Beko elkarteak antolatuta, emakumeen talentua ikustaraztea dute helburu.

Ekainaren 24an lehenengoz antolatuko dute Pasaiako Emakume Sortzaileen Azoka, Antxon. Lehenengo ekimen honetan Bekoz Beko elkarteko ekimenetan parte hartu izan duten emakume artisauen sorkuntzak egongo dira. Azokak 11:00etan irekiko ditu ateak, Biteri plazan, eta 14:00etan emango diote amaiera. 13:00ean, Hoku Kai taldeko emakumeek Polinesiako dantzaldia eskainiko dute.
Emakumeen talentua ikustaraztea da ekimenaren helburua, eta horregatik erabaki dute haiei lekua ematea: pinturan, josketan, eskulanetan, edo diseinuan diharduten emakumeen lanak erakutsiko dituzte. Tartean, Emi Pazos, Cristina Aguirrebeña, Grace Sandoval, Josebe Gondat, Maialen Ledesma, Izaskun Barbier, Drina Laruta, Kontxi Ibañez, Clara Barbier, Sara Sánchez, Sofía Herbon, Marivi Anton, Idurre Elosegi, Aurora Aguirre, Eider Rebollo eta Cristina Lopezen lanak egongo dira.