Herria "ezkerretik eraldatzen" jarraitzeko lau urte gehiago
Hurrengo agintaldirako gobernagarritasuna bermatuko duen akordioa modu publikoan sinatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak. 2011n hasitako bidea indartzera dator gobernu itun berria.
Sinatu dute akordioa. Errenteria-Oreretako EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak 2023-2027 agintaldirako gobernagarritasuna bermatuko duen akordioaren sinadura ekitaldi publikoa egin dute gaur eguerdian. Biharko kargu hartze ekitalditik aurrera bi indar politikoetako ordezkari izango direnak ondoan irudikatu dute gaurko akordioa.
Aizpea Otaegi jarduneko alkateak hartu du hitza lehenik akordioaren xehetasunak azaltzeko, euskaraz. Udal hauteskundeen emaitzak eta herritarren borondatea bermatzera datorrela bi indar politikoen arteko ituna nabarmendu du Otaegik. Atzera begirada egin du 2019an, Errenteriako lehen emakumezko alkate bilakatu zenak gaur aurkeztu duten akordioaren sustraien bila. Izan ere, horren ernamuina kontsidera daitekeen akordioa 2011n heldu zela ekarri du gogora EH Bildu eta Ezker Anitzaren eskutik: “Akordio horrek segida izan du 2015ean, baita 2019an ere. Akordio hau indartzera dator, 2011n abiatu genuen bidea”.
Akordioa, hauteskundeek utzitako emaitzen aritmetikaz haragokoa den “apustu estrategikoa” da, bihar aginte makila bigarrenez hartuko duen Otaegiren hitzetan, “bakoitzaren identitatea errespetatuz batzen gaituen hiri eredua erdigunean jarriz erdiesten den akordioa, eta ezberdinen elkarlana erdigunean jarri nahi duena”.
Hitzarmena sinatu duten bi indar politikoek “pertsonak eta herriak gara daitezen ahalbidetzen duten eskubide indibidual eta kolektiboen defentsan” bat egiten dute EH Bilduren zerrendaburuaren hitzetan, “azken hiru agintaldietan eraiki dugun lanerako logikari jarraipena eman nahi diogu”.
Hiru printzipio gidari
Agintaldirako konpromisoak hiru printzipio gidariren bueltan eraikiko dituzte. Honakoak dira: Gobernantza partekatua; gobernantza eraginkorra, eta gobernantza eraldatzailea. Herritarrek bozkatuz instituzioak ematen dien boterea, herritarrekin eta eragileekin partekatuz, eta herritarrekin koogobernantzarako espazioak zabalduz gobernatu behar duten zalantzarik ez du jarduneko alkateak. Printzipio gidari garrantzitsua da hori Otaegirentzat.
Eraginkortasun printzipioa ere ezinbesteko jo du, “udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak eta herritarren bizi kalitatean sekulako eragina dute udal politikek. Horregatik, eraginkortasuna ezinbestekoa zaigu gure herrikideen bizi baldintzak hobetu nahi baditugu, are gehiago bizi dugun ziurgabetasun testuingurua kontuan hartuta”. Argi dio: “Udalok ziurtasuna eman behar diegu herritarrei”.
Hirugarren printzipioa, eraldatzailea, berriz, etorkizunarekin lotu du: “Etorkizun bizigarria eraiki nahi dugu herri honentzat eta bertan bizi diren guztiontzako. Etorkizunaren eraikitzaile izan behar dugu eta gaur egun dagoenaz harago dagoen errealitate bat dugu amets eta jomuga. izan ere, sinistuta gaude bizi baldintzak hobetu nahi baditugu, hainbat errealitate aldatu edo eraldatu behar direla”.
Agintaldi plana osatu
Printzipio gidari horietaz gain, agintaldi plana osatuko dutela jakinarazi du gaurko agerraldian Otaegik, bi formazio politikoen programak aintzat hartuta, “hori herritarrekin partekatuko dugu udazkenean”. Agintaldi plan hori izango da, Otaegik baietsi duenez, herritarrekin hartuko duten konpromisoaren ikur baita bi taldeen jarduna gidatuko duena. Hiru ildo estrategiko izango ditu agintaldi planak ere. Herri duinagoa eraiki nahi dute, “herri honetan bizi diren pertsona guztien bizi baldintzak duinak izan daitezen bermatu nahi dugu, eta horretarako beharrezkoak diren politikak garatuko ditugu”. Politika horiek Gizarte Zerbitzuekin eta Berdintasun eremuko politikekin lotu ditu.
Kohesioa izan da aipatu duen bigarren ildo estrategikoa. Sinistuta baitaude pertsonen eta herrikiden bizi baldintzak hobetzea bezain garrantzitsua dela herritar oro komunitate bakar eta kohesionatu bateko kide sentitzea, “beraz jarraituko dugu herri kohesionatuagoa izan gaitezen lanean”. Kultura eta hezkuntza lotu ditu kohesioarekin.
Azkenik, herri bizigarriagoa eraikitzen jarraituko duten hitza eman du: “Azkenean bizitza duinak eta komunitate kohesionatu batek testuinguru bat behar dutelako, eta testuinguru hori izan daitekeelako aldekoa edo kontrakoa. Guk aldekoa, bizimodu duinen eta herri kohesionatuaren aldeko testuinguru bat sortu nahi dugu”. Hirigintza eta ingurumena lotu ditu azken ildo estrategikoarekin.
Akordioaren barruan, arlo banaketa
Gobernu akordioaren barruan, gainera, arloen banaketa egin dutela azaldu du Otaegik. Horren arabera, Elkarrekin Errenteriak honakoak izango ditu bere gain: Kultura, Liburutegia, Ingurumena. Gainontzeko arlo guztiak EH Bilduk hartuko ditu, eta gaur egungoei gehituko zaizkie agintaldi amaieran formalizatu den LGTBI+ politiken ardura, baita ere agintaldi honetan berria izango de Landa Garapenaren arloa
Tokiko Gobernu Batzordea bi alderdietako ordezkariek osatua izango da alkatearekin batera: EH Bilduk lau ordezkari izango ditu eta Elkarrekin Errenteriak, bi. Eremuen lehendakaritzak ere udal barruko ikuspegitik banatu egingo dituzte. Horren arabera, antolaketa eta lurraldea EH Bilduk gidatuko ditu eta herritarren batzordearen lehendakaritza izango du Elkarrekin Errenteriak.
Añarbe, eta San Marko mankomunitateetan eta Eresbil patronatuan bia alderdietako ordezkariak arituko dira. Gainontzekoak EH Bilduren esku geldituko dira.
Akordioak elkarlanerako espazioak sortzea eskatu duen zalantzarik ez du Otaegik, “baita jarraipen estua egitea bi alderdien artean eta herritarrekin hartutako konpromisoen barruan agintaldi plana betetzen dugula baieztatzeko, eta behar diren neurri zuzentzaileak hartzeko. Segimendu estua egin beharko diogu, malgutasunez sortu daitezkeen ezustekoei aurre egiteko”.
Maite Gartzia Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza, Aliantza Berdeko ordezkariak gaztelaniaz azaldu du akordioa.
Kazetarien galderei erantzuteko txanda heldu da ondoren. Pasaian antzeko formularekin izendatuko dute alkate bihar EH Bilduko zerrendaburu Teo Alberrok. Horrenbestez, Oarsoaldeko lau udaletan EH Bilduk aginduko du. Agertoki horren gaineko balorazioa egin dute Otaegik eta Gartziak. Baikor azaldu da Gartzia, “azkenean herritarrak eskatu dutena egiten ari gara, ezkerreko politika duina eta aurrerakoiak”.
EH Bildurentzat “oso pozgarria” dela Oarsoaldeko lau udalerrietan herritarrek koalizio subiranistaren proiektu politikoari eman dioten babesa jarrai du nabarmen Otaegik, “horrek ahalbidetzen du elkarlanerako logiketan sakontzea eskualdeko proiektuetan, eta zalantzarik ez da hori onuragarria izango dela Oarsoaldearentzat, baina onuragarria izango da ere, bai EH Bilduk bai Elkarrekin Podemosek jartzen dugun begirada aurrerakoia delako. Guk ardatz honi heltzen badiogu da gure herriaren soziologiarekin oso ondo uztartzen delako. Zentzu horretan, pasaiaren kasuan gauza bera esan daitekeela uste dut. EH Bildu eta Elkarrekin arteko ardatz aurrerakoi hori oso ondo ardazten da bi herrietako soziologikoarekin”.
Askotan babestu duen ideia bat lehen lerroan jarri du berriro gaurko agerraldian Otaegik, akordioa: “Uste dut akordioa ezinbestekoa dela politikagintzan, eta orain sinatu dugun akordio honekin agintaldiaren lehen unetik akordioa jartzen dugu erdigunean, herritarrek eskatzen digutena da. Ezberdinen arteko lankidetza da hasiera- hasieratik erdigunean jartzen ari garena”.
Kontsentsu zabalagoen aldeko lana
Oposizioan arituko diren alderdiekin adostasunerako bidea lantzeko asmo betea azaldu dute bai Otaegik baita Gartziak ere, “ideia hori da”. Otaegik gaineratu du, gaurkoa, oposizioko alderdiekin biltzeko eguna izaten ari dela eta hori dela mahai gainean jartzen ari direna, “azken urteetan saiatu gara gobernu akordioaz harago kontsentsu zabalagoak eta elkarguneak lortzen, batzuetan asmatuko genuen eta besteetan ez, baina gure borondatea hori izan da. Datorren agintaldian ere horretan ariko gara, ahalik eta akordio zabalenak lortzen saiatzen herri honentzat garrantzitsuak diren gaietan”.
Biharko egunari begira ere jarri dituzte kazetarien galderek. Gartziak aitortu du urduri dagoela, “poztasunetik jaiotako urduritasuna da. Zinegotzi izatea, gobernuan egotea, errenteriarrak ordezkatzea… oso inportantea da niretzat. Errespetuz eta umiltasunez hartuko dut. Eskertu nahi diot EH Bilduri izan duen prestutasuna akordio honetara heltzeko”.
Gaurko akordioari esker jada jakina dela bihar bigarrenez Errenteriako alkate izango dela esan du Otaegik, “hitzarmena lasaigarria izan da neurri horretan”. “Oso hunkigarria” izango dela biharko eguna argi du jarduneko alkateak: “Herri hau gobernatzeak suposatzen duen erantzukizuna osoaren pisua norberaren gainean sentitzekoa, baino aldi berean oso pozgarria lau urte dauzkagulako herri hau eraldatzen jarraitzeko. Eta hori ohore bat da”.