Teo Alberro alkate izendatzeko udalbatzarra, bihar 10:00etan
Izaskun Gomezen (PSE-EE) bi agintaldiko zikloa bihar bukatuko da. EH Bilduk udalbatzarrera joateko deia egin die herritarrei.
EH Bilduko Teo Alberro izango da Pasaiako alkate 2027ra arte. Aurretik, ordea, kargua hartu behar du. Hori egiteko ekitaldia edo ezohiko udalbatzarra biharko (larunbata) 10:00etan izango da, Donibaneko udaletxean, Arizabalo jauregian alegia. Azken bi agintaldietan Izaskun Gomez (PSE-EE) izan da herriaren gidari nagusia, EAJren babesarekin. Horrez gain, hamazazpi zinegotziek euren karguari zin egingo diote.
Atzo hitzartu zuten Pasaiako EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-Alianza Verdek Alberro erabat babesteko, eta hastear den agintaldian elkarrekin gobernatzeko akordioa. Izan ere, negoziazio aroa izan dute bi koalizioek azken egunetan, eta horren emaitza izan da hamazazpi hautetsiek egingo duten bozketatik aterako dela alkate Alberro, gehiengoarekin gobernatuko duen taldea izango duela Pasaiako Udalak, eta EH Bilduren esku geldituko direla gobernu ardura gehienak (zortzi eserleku eskuratu dituzte), horietan Elkarrekin Podemosek bere ordezkaritzaren araberako (zinegotzi bat dute, Julen Rodriguez) partaidetza izango duelarik.
Pasaiako EH Bilduk udalbatzarrera joan daitezen eskatu die jarraitzaile eta pasaitarrei.