«Fobiei aurre egiteko jarrerak irmoagoak dira gaur egun»
Francisaldiaren barruan ‘Sex sua’ taularatuko du Andoni Mutiloa artistak Niessen Kulturgunean gaur 19:00etan. Doakoa da emanaldia, baina gonbidapena behar da. Harremanetarako sortu diren kode berriez umoretik arituko da artista.
Zer kontatzen du Sex sua musikalak?
Ligatzeko aplikazioen erabileraren ondorioz sortzen ari diren harreman kode berriak dira abiapuntua. Horrekin lotura zuzena duten kanon estetikoak, eta genero eta sexu aniztasuna ere hizpide ditugu. Zuzenean edo zeharka, gaur egun denoi eragiten digun gai baten inguruan ari gara, gogoeta egin nahian batez ere.
Aplikazio horiekin jendarteak irabazi edo galdu al du? Ez da egokiagoa aurrez aurre ligatzea?
Irabazi egin dugula esango nuke nik. Perspektibaz begiratuta, ligatzeko garaian oso testuinguru zehatzetara mugatuta geundela esango nuke, gehienetan gauez, tabernetan, askotan ere alkohola tartean… Horren aldeko erromantizazioa ez dut egingo nik, ez zaidalako iruditzen egoera egokiena ligatzeko.
Ligatzeko aplikazioen zabalpenarekin askoz ere konplexuagoa da dena: biderkatu egin dira aukerak, edozein momentutan edozein lekutan ligatzeko aukera izan dezakezu nahi izanez gero, eta aldi berean erabiltzaileen artean kode berriak sortzen ari dira, eta horietako asko barneratzen ari gara ia modu inkontzientean. Ikusten dituzu, ikasten dituzu, sufritzen dituzu… Askotan kodeak onartzen ditugu jolasaren parte direla barneratuz, eta bukatzen dugu nahi ez ditugun gauzak egiten.
Laburbilduz, konplexuagoak dira berez, ligatzeko aplikazioak sekulako iraultza dira, baina kontu handiz ibili behar dugu erabiltzeko garaian.
Iaz estreinatu zenuten musikala. Zein harrera izaten ari zarete ?
Ona. Donostiako poltsiko antzerkian estreinatu genuen, baina udazkenera arte ez zen benetako bira iritsi. Ikasturte honetan eman diogu, beraz, hasiera, eta dozena bat emanaldi eginda, testeatu dugu. Oso pozik nago harrerarekin. Gaiak interesa pizten duela ez daukat zalantzarik. Egia da, gogoeta hori modu askotara egin daitekeela, baina nik umorea erabili nahi izan dut batez ere, aplikazioetan gertatzen diren gauza zehatzen adibideak ematen jende asko identifikatuta senti zitekeela pentsatu dudalako. Jende askok hori nabarmendu du, identifikatuta sentitu dela, eta askotan batzuk ere esan didate sentitzen dituzten gauzei izena jarri diedala. Zuri gertatzen zaizun hori orokorragoa ere badela ikusi du askok.
Errenteria-Oreretako plaza ez duzu berria, ezta Francisaldia ere.
Ilusio handiz egingo dut emanaldia, konexio berezia dudalako aspalditik, nire herri kutunenetako bat da. Entsegu gehienak, Errenteriako Dantzagunean egin ditut. Niessen areto handi eta ederra da, niretzako sekulako ohorea da. Aldi berean ardura handia ere bada. Bertako publikoa exijentea da, oso ohituta dago gauza pila eta oso ezberdinak ikustera, ez du edozer gauzak funtzionatzen, eta dena eman behar dudala argi dut.
Nerabe eta helduei begirako ikuskizuna da. Nerabeen artean sumatu duzu sentsibilitaterik LGTBI+ kolektiboarekiko?
Berez helduentzako ikuskizuna da Sex sua, aurretik egindako Esnatu naiz bezala. Emanaldiak egiten hasi nintzenean batek baino gehiagok esan zidan ikuskizuna nerabeentzako oso interesgarria litzatekeela. Espresuki nerabeentzat antolatutako emanaldi bat izan dugu Urnietan, eta gure asmoa da etorkizunean emanaldiak eskaintzea DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta. Tailerrak ere egin ditut, bestalde, nerabeekin.
Bi gauza kasik kontrajarriak diruditenak sumatu ditut: genero eta sexu aniztasunari dagokionez aurreko belaunaldiekin alderatuta modu irekiago batean bizi dute gazteek beraien nortasuna eta sexu joera, oro har. Bestetik, aldi berean, jarrera kontrajarriak ere indartsuagoak dira. Nerabeen artean askotan ikusten dugu jazarpena askoz ere latzagoa dela gaur egun, jarrera matxista eta LGTBIfobikoak askoz gogorragoak direla lehen baino.
Fobia kasuak errealitate dira, zoritxarrez, baina fobia horiei aurre egiteko jarrerak ere irmoagoak dira gaur egun.
Gidoilari, zuzendari, artista. Non sentitzen zara erosoago?
Nire izena definitzerakoan, erosoen une honetan, sortzaile gisa sentitzen naiz. Artista ere onartzen dut. Benetan gozatu, batez ere, emanaldiekin, taula gainean gozatzen dut.
Musika proiektua ere jarri duzu martxan, Hiruki.
Sex sua musikala da. Musika oso gustuko izan dut txikitatik, oso garrantzitsua izan da niretzat. Arte eszenikoen munduan sartzea nahikoa eroa izan da, antzezlanak sortzea ere bai, eta beste urrats bat egin eta honetarako musika espresuki sortu egin dugu. Sekulako ilusioa eragiten dit nire burutik sortutako hitz eta melodiei musika jartzea eta abesti bihurtzea Eñaut Gaztañagaren laguntza ezinbestekoarekin, grabatu ahal izatea, eta zuzenean kantatu ahal izatea ikaragarria izan da. [Egin klik hemen entzuteko].
Zergatik ikusi gaur zure antzezlana?
Zer pentsatu emango duelako eta ikusleek ongi pasako dutelako. Gure lanaren eszenaratzea berezia ere bada, eta euskaraz.