Uzta oparo eske, udako solstizioari kanta eta dantza
Iraultza Dantza taldeak 1994az geroztik egiten du San Juan bezperan udako solstizioari uzta oparoa eta eguraldi ona eskatzeko.
Urdiaingo kantaiaren bidez eguraldi ona eta uzta oparoa eskatuko dituzte Iraultza Dantza taldeko kideek kantuz eta dantzaz. Udako solstizioari egingo diote harrera horrela, 1994az geroztik egiten duten moduan. Hitzordua Herriko plazan izango da, 22:00etan.
Erritu pagano erlijiosoa da Urdiaingo kantaia, eta emakumeak ditu protagonista bakarrak. Bi gona janzten dituzte, bigarrena burura lotuta, soilik aurpegia bistan utzita. Eskuetatik helduta borobila osatzen dute eta 29 bertsoz osatutako San Juan gaueko kantua abesten dute, eskuekin erritmoa jarraituta. San Juan gaua, natura, erlijioa eta uztak aipatzen dituzte.
Eguraldi ona eta uzta oparoak izan daitezen eskatzeko konjurua ere botako dute: “Orain arte belar hemendik aurrera gari”.
Jose Mari Satrustegi etnografoak berreskuratu zuen ohitura. Iraultza dantza taldeari irakatsi eta 1994az geroztik urtero egin dute emanaldia Herriko plazan.