Indarkeria matxista ezabatzeko baliabideak eskatu dituzte enegarrenez
Datu beldurgarri bezain lazgarria. Planetako hiru emakumetik batek pairatzen du indarkeria matxista Osasun Munduko Erakundeak emandako informazioaren arabera.
Hilabetean hirugarren emakumea hil du indarkeria matxistak. Haserre eta nazkatuta atera da kalera mugimendu feminista, eta baliabide eske, enegarrenez, jendartea irauli eta indarkeria matxista behin betiko ezabatzeko baliabide eske. Hamarnaka herritar bildu ziren atzo Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta Niessen merkatalgunearen sarreran deitua zen elkarretaratzera.
Begoren hilketa, Euskal Herriko hirugarrena izan da. 2003az geroztik, Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako 120. hilketa. Nazka-nazka eginda daudela esan zuten atzo elkarretaratzea bitartean egindako irakurraldian, eta beste behin ere, indarkeria matxistarena arazo estrukturala dela nabarmen jarri zuten: “Jendarte osoaren arazoa da, emakumeongan gorpuzten dena. Nazkatuta gaude behin eta berriz oihukatzeaz, baina ez gara isilduko.
Datu beldurgarri bezain lazgarria eman zuten. Planetako hiru emakumetik batek pairatzen du indarkeria matxista Osasun Munduko Erakundeak emandako informazioaren arabera: “Emakumeok lehen eskutik dakigu zein arrisku dagoen gure bizitzetako espazio pribatu zein publikoan. Mugimendu feministatik kalera irteten jarraitu besterik ezin dugu egin”.
Arlo ezberdinen arteko elkarlana ezinbesteko jo zuten, gainera, gizartea eraldatuko badute. Osasungintza, hezkuntza, eta justizia publiko unibertsala aldarrikatu zuten horren harira, “izan ere, babestu behar gaituztenen joko arauak berriro porrot egin du. Zerbitzu publiko osasuntsuak behar ditugu, pairatzen dugun biolentzia ez dadin erreproduzitu behin eta berriz. Gizarte eragile moduan, gure espazioetan eraldaketa bultzatu behar dugu, erasoak salatu behar ditugu, espazio seguruak bermatu behar ditugu”. Horretarako guztirako formula bakarra dela esan zuten, “indarrak batu eta eraldaketa bultzatzea”.
Ezinbesteko jo zuten halaber, erantzun kolektiboa estrukturala den bortxa matxista errotik ezabatuko badute, “erakundeei eta administrazioei erantzun kolektibo hori eskatzen jarraituko dugu. Are gehiago zerbitzu publikoekin eta, batez ere, bizitzaren zaintzarekin zerikusia duten zerbitzuekin, egun bizi dituzten atzerakadak ikusirik”. Indarkeriarik gabeko bizitzak aldarrikatu zituzten atzo, beste behin ere, “bizitza, zaintzak eta askatasuna ardatz hartuta. Nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula”.
Borroka geldiezina
Indarkeria matxistaren kontrako borroka geldiezina dela esan zuten amaitzeko atzoko elkarretaratzean, eta feministek beti izango dutela indarra eta ausardia aurrera egiteko, “izan direnengatik eta izango direnengatik, feministok jendarte hobeago batekin sinistuta gaudelako, arrazakeria, biolentzia eta gorrotorik gabekoa, denok bizitza duin bat nahi dugulako, horretarako eskubidea aldarrikatzen dugu. Denon artean lortuko dugu”.