Pasaiako EAJk trantsizio "ordenatu eta lasaia" bultzatuko du
Jeltzaleen zerrendaburu Loreto Osak ziurtatu du oposizio "propositibo eta eraikitzailea" sustatuko duela alderdiak datorren legegintzaldian.
Larunbatean hartu zituzten dagozkien karguak Pasaiako hamazazpi zinegotziek. Eusko Alderdi Jeltzalea gobernukide izatetik oposiziora igaroko da hasi berri den legegintzaldian, aurreko zinegotzi kopurua —lau— mantenduta, eta agintaldiari ekiteko hausnarketa egin du Loreto Osa Ocon zerrendaburuak.
Ezer baino lehen Teo Alberro alkate berria —EH Bildu— zoriondu nahi izan du Osak, ohar bidez helarazitako irakurketan. Ziklo berriari ekingo dion gobernu taldearengandik zer espero duen esan du jeltzaleak: “Proiektu estrategikoen aldeko apustua egiten jarraitzea, hala nola, Adinberri, portu-espazioak herritarrentzat berreskuratzea, Andonaegiko Berroneratze Plana edo Ekonomia Urdinaren Poloarekin eta Silver Economy-arekin lotutako eraikina”. Gogorarazi du Hirigintza eta Gizarte Politiketako sailek abian jarritako proiektuak direla horiek, EAJ buru izandakoak.
Udal ziklo berrian oposizio “propositibo eta eraikitzailea” sustatzeko konpromisoa hartu dute jeltzaleek, “politika positiboekin, herriaren alde eragin eta batzen jarraitu ahal izateko”. Osa izango da Pasaiako EAJren bozeramailea, eta harekin batera arituko dira udalean Koldo Errondosoro, Nahikari Otermin eta Enara Mecerreyes zinegotziak; azken hori, taldearen ordezko bozeramailea izango da.
Bukatzeko, eledunak nabarmendu nahi izan du EAJk EH Bildu eta Podemosen aldeko trantsizio “ordenatu eta lasaia” bultzatuko duela azken legegintzaldian gidatu dituen sailetan, gobernu talde berriak dagoeneko hasi diren edo lizitazio fasean dauden proiektuekin jarraitu ahal izateko.