Andonaegiko etxeak berritzeko diru laguntzak ez daude arriskuan
Next Generation EU funtsen eteteak ez du eraginik izango Trintxerpeko auzoko zaharberritze planetan, Pasaiako Alkatetzak ziurtatu duenez.
Berriki iragarri du Eusko Jaurlaritzak eraikin eta etxebizitzen birgaitze energetikorako Next Generation EU funtsak agortu egin direla, eta hautsak harrotu ditu berriak herritarren artean. Izan ere, badira dagoeneko onartuta eta martxan dauden fatxadetako obrak, besteak beste, zeinak ezingo diren jada laguntzen lerrora atxiki, nahiz eta obren proiektua subentzio hori jaso ahal izateko egokitu izan.
Testuinguru horretan, lasaitasunerako deia egin nahi izan du Pasaiako Alkatetzak. Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro zinegotzi berriak, Iraitz Pazosek, ziurtatu du Andonaegiko bizilekuak zaharberritzeko planerako laguntzak “bermatuta” daudela. Bai Eusko Jaurlaritzak emandakoak (8 milioi, Berpiztu Funtsa) eta baita eraikinen energia-eraginkortasunerako Europako laguntzak ere.
Esan bezala, geldirik dago une honetan Next Generation EU funtsen 3. eta 4. programekin eskaera berriak onartzeko prozesua, baina Pasaiako Udala 1. programari dago atxikita, eta hori abian da. Datozen egunotan Teo Alberro alkateak erkidegoentzako laguntza berri horiei buruzko hitzarmena sinatuko du, eta abian zaudenei gehituko zaizkie horiek.