Charleston garaira bidaia, Jantziaren Zentroaren eskutik
Bihar zabalduko ditu ateak Jantziaren Zentroan erakusketa iraunkor berriak.
Jantziaren Zentroak Charleston garaira egingo du atzerako begirada, eta 38 jantziz osatutako erakusketa iraunkor berria zabalduko du bihar. XVIII. mendetik 1970 hamarkada arteko modaren historia ezagutzeko proposamena da eskainiko duena bihartik.
Jantziaren Zentroko lehen solairuan sartu bezain pronto jazz doinuak entzuteko aukera izango du bisitariak, eta charleston garaian sartuko da bete-betean. Lehen solairuan 18 jantzi, horietako 17 emakumezko soinekoak eta traje dotorea. Lehen Mundu Guda amaitu eta emakumezkoek kortse eta armazoiak alde batera utzita gorputzak askatu, eta bizi berriari ekin zioten garaia da. harribitxi, perlak, lumak, kapelak, lepokoak, garaiko orrazkera… manikiak xehetasun guztiak aintzat hartuta jantzi dituzte.
Jatorriari dagokionean, gehientsuenak Amerikako Estatu Batuetakoak eta Frantziakoak dira. Euskal Herriko bi dira, Donostiakoa eta Maulekoa hain zuzen ere.
Kapitain Etxearen bigarren solairuan lehenengo solairuko garai bereko modaren laburpena 20 jantziren bidez. Leitzako (Nafarroa) ezkonberri baten 1911 urteko jantzia, Baionako 1920. hamarkadako gaueko soinekoa, eta Mauleko 1950. eta 1970. hamarkada arteko jantzi bat.Euskal Herriko jantzi guztiak, dohaintzan jasotakoak dira. Modari dagokionean, berriz, goi joskintzako lau diseinatzaile handiren jantziak ikusgai: Charles Frederick Worth, Paul Poiret, Jeanne Pakin eta Cristobal Balenciaga.
Bisita gidatuak
Jantziaren Zentroak udan erakusketa iraunkor berria ikusteko bisita gidatuak antolatu ditu. Uztailaren 16, Abuztuaren 20 eta irailaren 17an, guztiak goizeko hamaiketan. Horietan parte hartu nahi duen edonork aurrez izena eman behar du, horretarako egin klik hemen. Errenteria-Oreretako turismo bulegoan ere erreserba egin daiteke, 943 49 45 21 telefono zenbakira deituta.
Erakusketa modu librean ikus daiteke hiru euro ordainduta. Ordutegiari dagokionez, larunbatetan 11:00-14:00 eta 17:00-20:00etara izango da zabalik, eta igande eta jai egunetan 11:00-14:00etara.