Denboraldiko lehen hitzordua Mutrikun du Hibaikako gizonen traineruak
KAE2 Ligak biharko estropadarekin zabalduko du denboraldia, eta Josetxo Arrizabalagak gidatutako eskifaia onena ematera joango da lehen egunetik.
Borrokarako prest eta itsasoari aparra ateratzeko gogoz helduko da Hibakako Senior Gizonen tripulazioa bihar Mutrikura. KAE2 Ligak biharko estropadarekin zabalduko du denboraldia, eta Josetxo Arrizabalagak gidatutako eskifaia onena ematera joango da lehen egunetik.
KAE2 Ligako bigarren bukatu zuten denboraldia errenteriakoak iaz, eta hortaz, bihar ohorezko tandan ariko dira. Helburua KAE2 Ligako goi postuetan aritzea dutela azaldu zuen senior traineruen aurkezpenean Arrizabalagak. Lehia erraza ez dutela izango jakitun da entrenatzailea, baina eskarmentua eta gaztetasuna uztartutako taldearekin aurre egingo diote erronkari aurtengo denboraldian ere goi postu horiei eusteko: “Goiko aldean borrokan ibiltzeko intentzio guztiarekin goaz, nahiz eta etsai gogorrak izan. Badakigu aurten izango ditugula Orio, Donostiarra bigarren ontziarekin, eta aurreko denboraldiko Astillero, Portugalete eta… Etsai gogorrak dira, baina guk aurten osatu dugun plantillarekin lehengo urtean bezalaxe arituko gara. Ea zorte apur bat gehiago dugun eta lortzen dugun helburua”.
Lana gogotik egiten ari dira Hibaikakoak, eta gogoa ere ez zaie falta erronkari heldu eta erantzuteko. Beste ontziekin indarrak neurtzeko balioko die zalantzarik gabe Arrizabalagaren ontzikoei biharko lehiak.
Biharko estropada hiru milia luze da; lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte ontziek. Hiru txandatan ariko dira 17:00etan hasita, lehen txandan aurreko denboraldia seigarren eta zazpigarren izan ziren ontziak arituko dira; bigarrenean, laugarren eta bosgarren sailkatu zirenak; eta hirugarrenean, azkenik, lehen hiru postuetan sailkatu ziren ontziak, Hibaika tartean.