Ingurumenarekiko Iraunkorra den Merkataritza Saria jaso du Osina Ekoguneak
Aurten sortu du kategoria hori Gipuzkoako Bazkundeak eta Osina Ekoguneak eskuratu du. HACHE Boutiquek, eus.Commerce saria jaso du. Paki Belar dendak Oarsoaldea eta Chocolates de Irun Bidasoko eskualdetako Harribitxi saria jaso dute.
Gipuzkoako Markataritza Enppresaren Sariak banatu zituen joan den ostiralean Gipuzkoako Bazkundeak. Banaketa horretan, Errenteria-Oreretako Osina Ekogunea, Hache Boutique, eta Paki Belar denda, eta Irungo Chocolates de Irun komertzioak saritu dituzte. Pakik zein Chocolates de Irun saltokiek herritarren botoari esker Harribitxi saria jaso dute.
Hachek, berriz, digitalizazioaren bidez egindako bilakaera eta egokitzapena aitortu dion eus-Commerce saria eskuratu du.
Merkataritzak bere jardueran garapen iraunkorreko irizpideak txertatzeko egin duen ahalegina aitortzeko eta sustatzeko sari berria sortu du Gipuzkoako Bazkundeak aurten: Ingurumenarekiko Iraunkorra den Merkataritza Enpresa Saria. Sari horren lehen ekitaldiko irabazlea izan da Osina Ekogunea. Iztieta auzoan kokatutako saltokiak prozesu guztietan ezartzen dituen energia eta ingurumen kudeaketako politikengandik eta bezeroekin garatzen dituen sentsibilizazio ekintzengatik jaso du saria.
Eva Anies Arilla Osina Ekoguneko saltokiko arduradunak, eta Maite Rodriguez Sanchez eta Rosa Gabino Antonio langileak oso pozik daude sariarekin, eta horrek suposatzen duen aitortzarekin.
Aniesek “ondo egindako lanari” aitortza dela saria esan du: “Ekologikoa eta tokikoaren alde urte luzeetan egiten ari garen ibilbidearen errekonozimendua da. Hemendik ere sustatzen saiatzen gara norberaren konpromisoa, egunerokoan egiten ditugun horiek ahalik eta eragin kaltegarri txikiena izan dezan ingurumenarengan”. Kontzientziazioa da finean, “erosketa gurdian sartzen dugunaren gaineko erabaki ahalmena gurea da, norbanakoaren eta bada arma txiki bat. Bi norabideetan eragitea duzu: mundua aldatzea, edota hura okertzea; tokiko merkataritzaren alde egitea, edota multinazional handien alde egitea”.
Hiru oinarriren gainean lan egin
Ingurumenarekiko iraunkortasuna bermatze aldera hiru oinarriren gainean ari direla egunerokoan nabarmendu du Osina Ekoguneko arduradunak. honakoak dira hiru zutoin horiek: produktu ekologikoak, tokiko produktuak, eta ingurumenarekiko iraunkorra.
Produktu ekologikoetan, izendapena bermatzen duen zigiludun produktuak eskaintzen ditu Osinak. Horrek bermatzen du produktu horren ekoizpenean, batez ere, zein banaketa prozesuan ez dela ongarri eta pestizida kimikorik erabili, “guk jaten ditugu ondoren, eta lurrean zein ibaietan isurtzen dira erabiltzerakoan. Gure apustua beraz, ekologikoaren aldekoa da ahalik eta eragin txikiena izan dezaten produktu horiek naturan”.
Ekologikoak direnak lortzerik ez dutenetan, edo Ekoguneak berak dituen etiketatu eta kalitate estandarrak betetzen ez dituzten produktuen kasuan, tokiko produktuen alde egiten dutela azaldu du Aniesek: “Plater prestatuak adibidez Oiartzungo Xardexka enpresatik ekartzen ditugu. Ez dira ekologikoak kasu honetan, baina bai iraunkorrak, tokikoak direlako” .
Ingurumenarekiko iraunkorrak izatea da hirugarren zutabea Ekogunearena, eta hor barruan ekonomia zirkularra aipatu du arduradunak, “errekurtsoak eta inpaktua txikiagotzen saiatzen gara, erabili, berrerabili eta birziklatu. Fruta eta barazkiak Nafarroatik ekartzen ditugu ahal den guztiak eta jendeak ekoizleak ekarritako kutxa berean eramaten ditu, beste bilgarririk erabili gabe”.
Ontziratu gabeko produktuen salmenta
Beste apustua, askotariko produktuak ontziratu gabe eta soltean saltzea da: “Etxerako garbigarriak, xaboiak, fruta eta barazkiak, lekaleak, zerealak, infusioak… Badira ontziratuta edo bilgarriarekin badira, baina urrats bat gehiago egin eta asko eta asko soltean saltzen ditugu”.
Kontzientzia sortu beharra ezinbesteko iruditzen zaio, gainera, eta horri begira hilaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Egunari begira haurrentzako antolatu zuten marrazki lehiaketa aipatu du.
Produktuez gain terapiak ere eskaintzen dituzte Aukera zabala eskaintzen dutela bertan aipatu du arduradunak: “Sendagilea, osteopata, dietista, psikologoa, akupuntorea dugu bertan”. Azkenik formazio saioak ere egiten dituzte: “Azkena Itziar Bandresekin egin dugu etxeko garbigarriak guk geuk sortzen ikasteko. Finean, horrek ez du kimiko batek kutsatuko duen neurrian eragingo ingurunean eta gugan”.
Argiztapenarekin ere aspaldian erabaki zuten gauez erakusleihoa argiztatu gabe izatea, “beharrezkoa ez den gastua delako”.
Kontsumo eredua aldatu beharra lehen lerroan jarri du Osina Ekoguneko arduradunak, azkenik. Izan ere, sinistuta baitago ekoizpen prozesuan eragingo bada kontsumo eredua aldatzetik helduko dela, “gero eta jende gehiago da kontziente horretaz, eta kontsumitzaile gisa, edota saltoki bezala, gure alea jartzea dugu eragiteko”.