Bidegorri berriaren azken zatia hobetzeko proposamenak landu ditu Eguzkik
Hiru proposamen landu dituzte, bidegorriaren zabalerarekin eta argiztapen sistema eraginkorrarekin harremana dutenak.
Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak Lezo-Donibane bidegorriaren azken zatia hobetzeko proposamenak egin ditu. Taldekideek aipatu dute “urteetako atzerapenarekin” datorrela obra horiek egikaritzeko prozesua. Izan ere, maiatzaren 23ko foru agindua du bidegorri zati horren eta oinezkoen pasabidearen proiektu aldatua onartzeko izapideen hasiera datak. “Horrela amaitu da 2015ean hasi zen herrien arteko lotura tarte hori”.
Eguzkiren arabera bidegorri horren azken fasea egiteko atzerapena “justifikaezina” bada ere, hiru proposamen zehatz landu eta aurkeztu dituzte aldundian, taldekideen ustez 300 metroko luzea duen zatiaren proiektuak “anbizio falta” duelako.
Proposamenetatik lehena da bidearen zabalera lau metrora handitzea. Oinezkoen eta bizikleta zaleen erabilera handikoa izango da bidegorriaren zati hori ere bai, “istripuak izateko arrisku handia duen bide baten paraleloan doana”. Ez dute ausaz esan lau metroko zabalerarena, zabalera hori izan behar dutelako bidegorriek Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planaren arabera. Horrekin lotuta bidegorria babesteko elementuak nahiz argiztapenekoak bidearen zabalera erabilgarritik (lau metrokoa) kanpo ainguratzea proposatu du taldeak.
Azken proposamenak kontsumo iraunkorrarekin eta aurrezpen energetikoarekin du harremana, “kutsadura akustikoa minimizatze aldera”. Horrela, bidegorrian argi adimendunak ezartzea nahi dute, pertsonen presentziarekin pizten diren horietakoak, inor ere ez dagoenean itzalita izaten direnak, alegia.