Aurten ere 5 kilometroko lasterketa egingo dute Karmengo Jaietan
Iazko arrakasta ikusirik, aurten ere errepikatzea erabaki dute. Lasterkari guztiek domina bana jasoko dute, eta askotariko sariak izango dira.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/06/img-20230627-wa0008.jpg)
Trintxerpeko Karmengo Jaien harira, datorren uztailaren 16an (igandea da) 5 kilometroko lasterketa egingo dute barrutian, herritar talde baten egitasmoz. Aurten bigarren urtea izango du lasterketak, iazko arrakastak bultzatuta antolatu dute. “Dortsal guztiak saldu genituen, eta jende asko parte hartu gabe gelditu zen”, diote antolatzaileek.
Antolatzaileak ere lasterkariak dira, eta haiek gustuko duten hori islatu nahi izan dute ibilbidean. Laua izango da ibilbidea, kurba gutxirekin eta “bista ederrekin”.
Lasterketaren ondoren pintxoak jateko aukera emango diete lasterkariei, eta denek domina bana jasoko dute, berezia. 1.000 eurora arteko sariak ere banatuko dituzte: telebista bat, afariak, elikadura plangintzak, bozgorailuak…
09:30ean abiatuko dira lasterkariak. Parte hartzeko 10 euro ordaindu beharko dira. Helbide honetan eman daiteke izena, edo bestela, 600 67 20 71 telefonora hots egin beharko da.