"LGTBI+ kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta nekaezina aitortu nahi dugu"
LGTBIQ+ pertsonen eskubideen nazioarteko egunaren harira, Errenteriako Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek adierazpen instituzionala adostu dute.
LGTBIQ+ pertsonen eskubideen nazioarteko egunaren harira, Errenteriako Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek adierazpen instituzionala adostu dute. 54 urte direla Stonewallen (New Yorken) lesbiana, gay, trans eta batez ere, trabestiek jasaten zituzten jazarpena eta xantaiaren aurrean matxinatu zirenetik ekarri dute gogora adierazpen horretan: “Ordutik data hau mugarri da, LGTBI+ pertsonen borrokan”.
Hamar urte geroago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Errenteriako diskoteka batean hil zuen Vicente Vadillo Santamaria Francis ekarri dute gogora adierazpenean. Urte hartako ekainaren 28an LGTBIQ+ pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartu zituztela lehen aldiz ere gogora ekarri du udalak, “erailketa salatu eta euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten”.
Horregatik, Vicente Vadillo Santamaria Francisen ohorez Errenteria-Oreretan maiatzaren 17tik —LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunetik— gaur arte Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunera arte egiten diren jardunaldiak Francisaldia izenarekin antolatzen dituztela azaldu dute.
Urte asko joan badira ere kezkati azaldu dira alderdiak adierazpenean, “bizitzen ari garen testuinguruak agerian utzi du eskubideetan egindako aurrerapenak, kolektiboen eta ekintzaileen urteetako borroka neketsuari esker lortu direnak, hauskorrak direla, eta oso erraza dela horiek galtzea eta atzera egitea”. Horren adibide eraso LGTBIfobikoen ugaritzea jarri dute adierazpenean, “armairuak presente jarraitzen du bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz, LGTBI+ pertsonen bizitzak arriskuan daude”. Eskuin muturreko mezuen gorakada ere izan dute hizpide, “gero eta ozenago aldarrikatzen ari dira cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatzeko beharra”.
LGTBI+ kolektibo eta pertsona ugariren “borroka luze eta ordainezina” aitortu dute, eta zentzu horretan, berretsi Errenteriako Udalak LGTBI+ pertsonen eskubideekiko urteko egun guztietan duen konpromisoa.
Horrenbestez, zortzi konpromiso zehatz hartu ditu udalak. 2019an egin zen ErreferenteEkin Errenteriako LGTBIQ+ biztanleriaren errealitateen diagnostikoa abiapuntutzat hartuta, 2022an onartu zuen LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko ekintza plana garatzea da lehena. Horrekin batera, urtea amaitu aurretik dagoeneko onartu duen LGTBI+ politiken aholku kontseiluaren lehen bilkura ospatzeko konpromisoa hartu du. Egun esanguratsuetarako sentsibilizazioa eta jabekuntza sustatzeko programazioa antolatzen jarraituko du, halaber, udalak.
Aurten martxan jarri duen LGTBI+ pertsonen ahalduntzerako aholkularitza espaziora iristen diren kasuak artatzera eta zerbitzu berri horren ebaluazio eta jarraipen sistematikoa egitera, aurrera begira hobekuntzak proposatzeko; Errenteriako LGTBI+ pertsona eta mugimenduaren memoria jasoko duen Koldo Mitxelena Beka irabazi duen ikerlari taldearen lanaren jarraipena egin eta bidelaguntza antolatzera; madalenen tetsuinguruan indarkeria matxistari aurre egiteko sentiberatze kanpainan eta protokoloan LGTBI+ pretsonen errealitatea kontuan hartzera ere konprometitu da udala.
Kolektiboaren ikusgarritasuna sustatzeko gaur ortzadarraren eta trans harrotasunaren bandera jarriko du egun osoz udaletxeko balkoian, eta LGTBIQ+ kolektiboak egunaren harira antolatutakoetan modu aktiboan parte hartuko du, eta horretara deitu ditu herritarrak ere.