Laurak Batek aplikazio berria estreinatu du
"Komunitatea osatzeko, bezeroek Laurak Bateko establezimenduekiko duten fideltasuna saritzeko eta tokiko kontsumoa sustatzeko" baliatuko dute app-a. Dagoeneko deskarga daiteke.
Laurak Bat Pasaiako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu elkarteak sakelako telefonoetarako aplikazio berria du, asteartean aurkeztu zuten Trintxerpeko alkateordetzan. Bertan izan ziren, besteak beste, Teo Alberro alkate berria eta ordezkaritza duten talde guztietako politikariak.
“Aurrerapauso bat emateko” beharra ikusi du elkarteak, establezimenduei eta kontsumitzaileei eskaintzen dizkieten zerbitzuak “modernizatzekoa”. Teknologia berriak “aliatu ezin hobeak” direla esan zuten asteartekoan, “bezeroekin komunitatea sortzea eta bezeroa fidelizatzea ahalbidetzen” baitute.
App berri honekin, lehenik eta behin, Laurak Bateko establezimenduek izango dituzten onurak aurkeztu zituzten asteartean. Fidelizatzeko sistema bat sortu dute, “komunitatea osatzeko, bezeroek Laurak Bateko establezimenduekiko duten fideltasuna saritzeko eta tokiko kontsumoa sustatzeko”. Bestalde, Laurak Bateko establezimenduetan egindako erosketen datuak eta erregistroak lortuko dituzte app-arekin, eta horrek bezeroen kontsumo ohiturak ezagutzeko aukera emango die, eta horren araberako estrategiak ahalko dituzte egin.
Kontsumitzaileek ere onurak izango dituzte. Establezimenduak ezagutu eta bertako produktu eta zerbitzuen gaineko informazioa kontsulta daiteke aplikazioan. Sariak eskuratzeko aukera izango da ere (bizikleta elektriko bat eta kasko bat zozkatuko dute lehenik).
Baina, nola funtzionatzen du app-ak? Hodeian dago zerbitzua eta herritarrak nabigatzaile batetik sartu ahalko dira. Bezeroek erabiltzaile eta pasahitz bana sortu beharko dute, eta app-an alta eman. Horren ondoren, establezimendu guztiak kontsultatu ahal izango dituzte. Kanpainetan parte hartzeko QR kode bat eskaneatu beharko dute, puntuak lortzeko. Puntu horiek metatu egingo dira, eta horien truke sariak izango dira. Atzo abiatu zuten kanpaina.
Informazio eta xehetasun gehiago, lotura honetan.