Gipuzkoako Batzar Nagusiek plenoa egingo dute Oiartzunen, igandean
Urtero egiten duten Osoko Bilkura Ibiltaria Oiartzunen egitea egokitzen da. Eider Mendoza buru izango duen lehen batzarra izango da.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek pleno ibiltari bat egiten dute urtero. Udalerriak txandakatzen dituzte, eta aurten Oiartzuni tokatuko zaio. Igandean —uztailak 2— egingo dute.
Maiatzaren 28ko hauteskundeetatik eratorritako batzar nagusiak asteazkenean bildu ziren lehen aldiz. Eider Mendoza jeltzalea hautatu zuten Gipuzkoako ahaldun nagusi, eta bera gobernuburu denetik egingo den lehenengo plenoa izango da. Xabier Ezeizabarrena da batzar nagusietako presidentea.
09:25ean, Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak harrera egingo die Mendoza eta Ezeizabarrenari, eta bigarren horri aginte-makila emango dio ondoren.
Harrera ekitaldi horren ondoren, diputatu, batzarkide, zinegotzi eta mahaikideek tokia hartuko dute pleno aretoan. Lekua hartzean, lehendakariak, diputatu nagusiak eta alkateak ohorezko liburuan sinatuko dute, hirurek hitza hartu baino lehen.
Osoko bilkurak gai bakarra izango du: datorren urteko pleno ibiltariaren kokalekua finkatzea. Arrasaten izango da. Agur Jaunak-ekin bukatuko da sinbolikotik guztia duen pleno hori.
Eider Mendoza pasa den asteazkenetik da Gipuzkoako ahaldun nagusia, bere alderdiaren —EAJren— eta PSE-EEren aldeko botoarekin zein PPren beste hautetsi baten botoarekin. Boto batengatik gailendu zitzaion, modu horretan, EH Bilduren ahaldungai Maddalen Iriarteri.
Kuriosoki, gobernu osaeraren ondorengo pleno hori EH Bilduk zinegotzi gehien dituen udalerrian izango da (hamahiru dituzte). Hego Euskal Herriko udal talderik jendetsuena da, gainera.