Landetxe plazaren itxuraldaketa bukatu da
Plaza biziberritzeko eta erabilera handitzeko asmoz, hiru espaziodun plaza sortu dute, aurretik zuen egitura mantenduta.
Oiartzungo Udalak Landetxe eraikinaren proiektua aurkeztu zuenean, izena eman dion plazaren eraberritzea eskutik joango zela iragarri zuen.
Plaza birmoldatzeko obrak bukatu berri dituzte, eta espazio berriak eta “atseginak” sortu direla nabarmendu du udalak. “Aurretik zuen egitura mantenduta, izaera guztiz eraldatu da”, gaineratu dute.
Plaza “biziberritzea” eta haren erabilera “handitzea” izan da udalaren helburua. “Estruktura-arazoak zituen aurreko azpiegiturak. Beheko garajeetara ura sartzen zen eta lurra etengabe altxatzen zen. Gainera, herriko plaza nagusitik gertu egonda ere, apenas biltzen zen jenderik bertan”, zehaztu dute.
Arazoak konpondu eta erakargarriago egiteko proiektua egin zuten, bertako auzokide eta merkatariekin elkarlanean diseinatuta. 1.200.000 euroko inbertsioa egin dute.
Hiru plaza txiki
Plazaren diseinu berriak berdegune batzuk txertatu ditu, eta zuhaixka eta loreak landatu dituzte, inguru “atseginagoa” lotzeko. Hainbat gune berri sortu dituzte, baita harmailak berritu eta eserleku gehiago jarri ere.
Aparkalekuko igogailuaren ondoko estalpea kendu dute, “zabaltasuna” eta “argitasuna” emate aldera.
Plazak bat izaten jarraituko du, baina hiru plaza txikitan banatuko dute. Aisiarako eta ekitaldiak antolatzeko aukera emango dute espazio horiek, udalaren arabera. “Kale antzerkiak, ikuskizunak, kontzertu txikiak…”, zerrendatu dituzte.
Proiektua egiterakoan “arreta berezia” jarri diote irisgarritasunari, erantsi dutenez.