Sanpedrotarrek denboraldi hasieraren txanpa onari eutsi nahi diote
Klub moreak bikain hasi du denboraldia, jokatutako lau estropadetatik bi irabaziz. Beraien helburua play-offetara sailkatzea izango da.
Gora begira hasi da Sanpedrotarra Arraun Elkarteko trainerua, iaz bezala. KAE1 ligako denboraldia ederki hasi du Pasaiako bokaleko mendebaldeko eskifaiak, lau estropadetatik bi irabazi baititu: Mundakakoa pasa den igandean eta etxekoa, eurek antolatzen dutena hilaren 18an.
Denboraldi berriarekin itxaropentsu dago Xabier Isasa klub moreko presidentea. Alta eta bajen atalean ez da dantza handirik egon. «Sei edo zazpi arraunlari berri ditugu, eta beste hainbeste ekarri ditugu. Baja kopuru hori da normalena, ikasketengatik, edo atseden hartzeko urtea nahi dutenak beti izaten direlako», esan du Isasak.
Helburua aurreko urteetako «blokea» mantentzea zen, eta horrekin batera, goiko postuetako borrokan aritzea. Onartu du «zaila» izango dela, iaz bezala, play-offetara sailkatzea.
Hala ere, adierazi du sailkapenaren lehenengo postuetan bukatzeko maila badaukala San Pedroko eskifaiak, denboraldiko lehenengo proba puntuagarrietan ikusi den bezala. Izan ere, lau estropada jokatu ondoren, lehenengo postuan daude.
Bolada horri eutsi nahi diote, baina banderekin itsutu gabe, Isasak esan duenez. «Banderak irabazten baditugu, ongietorriak izango dira, baina garrantzitsuena erregulartasuna mantentzea da, eta puntuak pilatzea».
Modu horretan, estropadaren batean egindako akatsek ez lukete sailkapen nagusian hainbesteko eraginik izango.
Hala ere, Isasa tentuz dabil. «Udara luzea izango da, eta oraindik ikusi behar da nola joango den; serio jarraitu behar dugu». Beraien lana txukun egiteaz arduratzeaz gain, kanpoko faktoreek ere pisua izango dute denboraldi bukaeran. «Ikusi beharko da Eusko Label Ligakoen maila, baita galiziarrena ere. Abuztuan finkatzen da dena; orduan aldera dezakezu, baina orain ez dugu arrastorik ere. Orduan egingo dugu azterketa».
Auzokoak, arerio
KAE1eko goiko postuetan hainbat arerio izango dituztela aurreikusi du Isasak: Lapurdi, San Juan, eta, koska bat beherago, Arkote zein Zumaia. Hori bai, estropada eremuek eta barruko kaleek probak erabat baldintza ditzaketela nabarmendu du Sanpedrotarraren presidenteak.
Badiaren bestaldeko traineruarekin lehiatzea «pozgarria» dela aitortu du Isasak, baita arraunarentzat berarentzat ere, «kirol lehia» hori dagoelako. «Maila ona daukate, eta uste dut hor goian egongo direla gurekin». Gainera, harrobiko arraunlari asko izatea ere arraunarentzako ona dela uste du.
Isasari gustatuko litzaioke harrobiko arraunlari propio gehiago edukitzea, «epe ertainera». Kanpotik arraunlariak etorri arren, «etxekotzat» ditu sanpedrotarren ordezkariak. «Kanpotik etorri diren horiei eskerrak eman behar zaizkie, oso ongi moldatu direlako. Guretzako etxekoak dira guzti-guztiak. Giro oso polita daukagu taldean».
Kirol arloa alde batera utzita, komunitatea indartzen duen keinu horietako bat egin zuten hilaren 18an: Tirri Tarra fanfarrearen izena eraman zuten Libiaren brankan, beraien mende erdiaren ospakizunarekin bat eginez. Ea hasi berri den denboraldiaren doinuak harmoniatsua izaten jarraitzen duen.