"Denon txupinazoaren" aldeko deialdia egin du jai batzordeak
Hainbat hilabeteetan ilusio handiz eta auzolanean landutako 130 ekintzekin osatu du Jai Batzordeak madalenetako programa.
Hainbat hilabeteetan ilusio handiz eta auzolanean landutako 130 ekintzekin osatu du Jai Batzordeak madalenetako programa. Azken urteetan bezala, herritik sortu dute herriarentzat eta tartean askotariko eta adin guztietako herritarrei begirako ekintzak prestatu dituzte: erakusketak,, antzerkia, danborradak, kirol jarduerak, dantza eta dastaketa gastronomikoa… eta horietatik guztietatik 50 izango dira musika emanaldiak. Pozik azaldu da jai batzordea lortutako emaitzarekin.
Atzo agerraldia egin zuten jai batzordeko hainbat ordezkarik. 21eko txupinaren jaurtiketa “une berezia” izatea nahi dutela herritar guztientzat esan zuten, “denon txupinazoaren aldeko deialdia egin nahi dugu hortaz. 19:00etan Herriko plaza adin guztietako lagunen topagune egingo dugu”.
Egitarauaren gaineko zehaztapenik ez zuten eman jai batzordeko kideek, bai ordea, aurten ere txupinazoa bizitzeko aukera ezberdinak izango dituztela herritarrek. Hala, txikienei begira mila koloretako txupinazo txikia egingo dute , gazteei begirako Holi txupinazoa, pantaila erraldoia Zumardian txupinazoa lasai jarraitzeko, eta txupinazoa zuzenean Herriko plazan.
Streaming bidez ikusteko aukera ere izango da, Herri Bizia webgunean.
Herri bazkaria
Madalenak hilaren 21ean 19:00etan hasiko dira, baina aurretik elkarlanaren lehenengo topagunea den herri bazkaria egingo dute 14:00etan Herriko plazan. Bertan parte hartzeko txartelak astelehen arratsaldean jarriko dituzte salgai hilaren 12ra arte 16 euroan helduentzat eta 10 euroan haurrentzat, Reyna tabernan eta Xera Gastrotekan, eta aukeran menu beganoa izango da aurten ere. Horretarako mezua bidali beharko da behin tiketa erosita denean honako helbidera.
Helduen menua honakoa izango da: Entsalada mixtoa, langostinoak, oilaskoa parrilan egina eta limoizko sorbetea. Haurrena, berriz: Kroketak, patea, oilaskoa parrilan, izozkia. Menu beganoa aukeratzen dutenentzat berriz, entsalada mixtoa, kroketa beganoa, lasaña beganoa, limoizko eta sorbete beganoa.
Zapiak ere salgai jarri dituzte dagoeneko, 6 euroan eta herri osoko 26 saltoki eta tabernetan eskura daitezke (Zerrenda albistearen amaieran)
Jai batzordeak guztion gozamenerako jaien aldeko apustua egina duela azaldu zuten, azkenik, “denok jaiez libre gozatu ahal izatea nahi dugu, eta horri begira, eraso sexistarik gabeko madalenak helburu dituzte neurriekin bat egin dugu, emakumeek ez dutelako ausartak izan behar, libre baizik”.
Jaiak prestatzen gozatu duten adina gozatuko dutela festak bizitzen gaineratuta, herritarrek ere hala goza ditzaten espero dutela esan zuten jai batzordeko ordezkariek: “Jaiak marraztuz, jaietan parte hartuz, jai herrikoiak biziz”.
Zapien salmenta lekuak
- Hostoak
- M. Asun Lentzeria
- Paris mertzeria
- Ikusi Makusi
- Rosmy
- Adn Estetika
- Lartzabal taberna
- Zubia kafetegia
- Fanderia gozo denda
- Uriña (Agustinak)
- Diana Grafikak
- Geza eta Gazia Gozo denda
- Sorgintxulo estankoa
- Koro oinetakoak
- Eder gozo denda
- Parke gozo denda
- Almacenes Iztieta
- Casamayor
- Lekuona Fabrika kantina