Ospakizunez betetako hilabetea izan du Albaolak
Red Bayko (Labrador, Kanada) badia gizateriaren ondare izendatu zeneko 10. urteurrena ospatzen ari da itsas faktoria. Izendapen horri esker, besteak beste, San Juan baleontzia berpizten aritu dira.
Unescok Red Bayko (Labrador, Kanada) badia gizateriaren ondare izendatu zueneko hamargarren urteurrena ospatzen ari da Albaola Itsas Kultur Faktoria. 2013an eskuratu zuen izendapen hori, eta horri esker, besteak beste, San Juan baleontzia berpizteko lanekin hasi ziren. Urteurren honen harira, zenbait ekintza antolatu dituzte, “Kanada eta Pasaia herriak batzen dituen historia zabaltzen jarraitzeko, itsas ondarea balioan jarri eta erlazioak sendotzeko”. Albaolako iturrien arabera, “oso ospakizun garrantzitsua” izaten ari da.
Bi herrien arteko lotura ulertzeko XVI. mendera jo behar da, orduan heldu baitziren Kanadara lehen bale ehiztari euskaldunak. 1565ean Labradorren urperatu zen San Juan izeneko baleontzia. 1978an aurkitu zituzten ontziaren hondakinak eta hurrengo sei urteetan “orain arte inoiz izan ez den urpeko arkeologia lan bat” abiatu zuten bertan. 8 urteko indusketa honetan itsasontziaren egituraren pieza guztiak, zama eta marinelenak banan-banan atera eta erregistratu zituzten.
Bertan aurkitutako guztiari esker, ontziaren planoak eta maketak egin zituzten. Aurkitutako informazio guztiak eta objektuak erakusteko eta ondare hori guztia balioesteko, Red Bay National Historic Site museoa sortu zuten. 2013an Red Bayko multzo arkeologiko osoa Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok, eta Albaolak ikerketa horren lekukoa hartu zuen, “Pasaiako ontziola museo eskolan itsasontzi enblematiko hori berriro berpizteko” asmoz.
Ekintzen artean, nabarmentzekoa da ekainaren 1ean egin zutena. San Juanaren saskarraren azpian hondoratuta aurkitu zuten XVI. mendeko bale txaluparen txokolatezko erreplikaren uretaratzea egin zuten. Ekainaren 16an aldiz, Albaolako ordezkaritza bat Parisen izan zen, itsas ondarearen babesaren arloko nazioarteko adituekin. Ekainaren 20an, Albaola ordezkaritza hori Canada Day ospakizunera joan zen, Madrilera.
Kanadako ordezkari publikoek Albaolaren proiektuaren garrantzia nabarmendu zutela diote faktoriakoek: “Kontuan ditugu gure bi herrialdeetako kosta komunitateen arteko lotura historikoak baita Kanadako kostalde atlantikoan dauden marinel espainiarren presentzia bai eta mendebaldeko kostaldean egindako espainiar esplorazioa ere, bereziki ohoragarria da Pasaian berreraikitzen ari diren XVI. mendeko euskal baleontzia baten erreplika, San Juan baleontzia, Red Bayn, Unescoren Gizateriaren Ondare den badian kokatuta”.