"Matxismoak behin eta berriz hiltzen gaitu"
Hamarka lagun bildu zituen atzo Pasaiako mugimendu feministak, Iruñeko erailketa matxista salatzeko.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/07/1sk03834-mejorado-nr.jpg)
Hamarka lagunek erantzun zioten atzo Pasaiako mugimendu feministak egindako deiari. Biteri plazan elkarretaratzea egin zuten, Matxismoak behin eta berriz hiltzen gaitu lemapean. Joan den larunbatean Iruñean izandako erailketa matxista gogor arbuiatu zuten bertaratutakoek, “nazkatuta” daudela oihukatu zuten. Aurten indarkeria matxistak hil duen laugarren emakumea izan da. “Euskal Herria sutan dago. 8 astetan 4 hilketa matxista. Gure samina eta elkartasuna adierazi nahi diegu bere 5 haurrei, familiari eta lagunei”, esan zuten atzokoan.
Gizartearen antolaketa patriarkalak “uneoro indarkeria matxista gure artean egotea ahalbidetzen” duela esan zuten, “bai erakundeetan, bai kalean eta baita ingurune hurbilenean ere”. Emakumeek pairatutako erasoen arazoa “egiturazkoa” dela adierazi zuten, “sistema heteropatriarkalaren ondorioa, eta ez da etengo gizartea egituratzen duen matxismoarekin bukatu arte”.
Feminismoak gizartea “errotik” aldatuko duela ere esan zuten. “Eskuinaren gorakadaren aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa da politika feministak aldarrikatzea, bai erakundeetatik, bai herri mugimendutik, lortutako guztiari balioa ematea eta atzerapausorik ez onartzea”. Pertsona guztiek bizitza bizigarriak bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu zuten, “jatorria, sexua eta gizarte egoera edozein dela ere”. Bizitza duinak aldarrikatu zituzten, “indarkeriarik gabeko bizitzak”. Sistema iraulari arte borrokan tinko jarraitzeko asmoa ere adierazi zuten, “feminismoak sistema patriarkala suntsitu arte”.
Joan den larunbatean izan zen erailketa. 51 urteko gizon batek bikotekidea hil zuen Ermitagaña auzoko taberna batean, labankadaka. 47 urte zituen emakumeak.
Erasorik gabeko jaiak
Bide batez, sanferminak gainean daudela probestuz, erasorik gabeko jaiak aldarrikatu zituzten atzoko mobilizazioan. “Kalean, gauean, parrandan, aske izan nahi dugu, eta ez dugu inolako eraso edo jarrera matxista, homofobo, transfobo eta arrazistarik onartuko. Kaleak eta gauak gureak ere badirelako, erasotzaileentzako eta beraien konplizeentzako mezua argia da: ez badakizue egoten, ez etorri! Zuei dagokizue ardura hartzea! Ez gaituzue geldituko” Erasoen aurrean, autodefentsa feminista!”, esan zuten, azkenik.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/07/1sk03789-mejorado-nr.jpg)
Argazkia: @pablos_gone