Lehergailu bat eztandaraziko dute gaur badiako uretan
Udaltzaingoak uretatik ateratzeko eskatu die bainulariei. Motora zerbitzua etenda izango da 13:00etatik 15:00etara bitartean.
Pasaiako Udalak jakinarazi du lehergailu bat antzeman dutela badian, eta hori eztandarazi behar dutela. Lehertzea gaur bertan, osteguna, 12:30etik aurrera egingo dute, eta dagoeneko eskatu die Pasaiako Udaltzaingoak herriko uretan zeuden bainulari eta kirolariei bertatik irteteko.
Jaurtigaia leherrarazi eta egoera bere horretara bueltatu bitartean, motora zerbitzua etenda egongo da. Aurreikuspenak betetzen badira, 13:00etatik 15:00etara egongo da geldituta garraio zerbitzu hori.