[Erreportajea] Komunitatearen ehuleak
Trintxerpeko kakorratz taldeko emakumeak izan dira aurtengo txupinerak. Komunitatean parte hartzeko beharraz eta «entzunak sentitzeaz» mintzatu dira, besteak beste, inaugurazio diskurtsoan.
Aurtengo Karmengo Amaren Jaien txupinerak Mertxe Blanco, Magdalena Betancourt, Mari Fernandez eta Ruth Mariño trintxerpetarrak izan dira. Lehen hiruak izan ziren jaien irekierarako diskurtsoa sortu eta irakurri zutenak, eta prozesu horrek sorturiko urduritasun eta zirrarez mintzatu zitzaizkien HITZA-ri [txupinazoa baino lehen jasotako adierazpenak dira lerrootakoak].
Udalak sustaturiko, Adinkide GKEko Blanca Caballerok koordinaturiko eta Oihana Merino Lalocadelacasa sortzaileak gidaturiko kakorratz taldeko kideak dira emakume horiek.
Karmenak inauguratzeko gonbidapena egin zietenean, lotsa eta segurtasun ezak gorpuztu ziren haiengan. «Ez zait inoiz gustatu jendaurrean jartzea. Beldur eszeniko izugarria izan dut betidanik», mintzatu da Betancourt. Kubatarra da hura jatorriz, eta hamarkada baino gutxiago darama Euskal Herrian. Trintxerpen, berriz, 2020.aren bukaeran hartu zuen lur.
Kakorratz taldeak sendiaz gaindiko harremanak sortzeko balio izan zion hari: «Hemen bederatzi urte badaramatzat ere, aurretik sekula ez nuen komunitatean parte hartu, ez nuen harremanik nire senideez gain, eta hemen ez dut ia familiarik, nire seme-alabak eta lehengusu bakarra. Ez dut ia inor ezagutzen». Horregatik, beste inork baino erronka handiagotzat du hark txupinera izateko ardura beregain hartu izana. «Oso urduri nago», aitortu du.
Blanco, trintxerpetarra izanagatik ere, ez dago lasaiago: «Ez nuen sekula nire burua txupinera gisa irudikatu. Ez nuen uste inoiz halako aukera bat izango nuenik, ez baitut ezta danborradan jotzen ere. Baina, tira, orain gai honetan murgilduta nagoenez, gogotsu nago, pozik».
Fernandezek «oso beldurtitzat» du bere burua, eta beraz, Caballerok suziria botatzeko proposamena luzatu zionean, buruan bueltaka izan zuen luze erantzuna. «Kostata», baina baiezkoa eman zuen baita hark ere. Gutxi parte hartu izan du aurretik Fernandezek karmenetan, baina esne-mamitan hasiko ditu aurten: «Aurten, bai! Txupinazoaren ondoren, gauean, karaokea dago. Eta, ene! Zenbat abestuko dudan…».
Komunitatea ehuntzen
Sekula baino protagonismo handiagoa izango dute aurten adineko emakumeek Trintxerpeko jaietan. Hori da, hain zuzen, kakorratz taldearen oinarrietan dagoen xede nagusietako bat, Adinkideko langileak azaldu duenez: «Helburua, gure arteko harremanak saretzeaz gain, kanpora atera eta komunitatearekin partekatzea ere bada».
Merinori esker kakorratz-lanetan geroz eta trebeagoak dira guztiak. Baina sareak orratzik gabe ere egiten dituzte gantxillerek. «Kakorratz tailerrean parte hartzen dut, baina askotan ez dut asmatzen puntuak zenbatzen, etxean egin izan dudanean edozein modutara egin izan baitut. Gehien betetzen nauena taldearen bihozberatasuna da», mintzatu da Fernandez, «jende zoragarria da; etxera natorrenean pentsatzen jarraitzen dut: ‘zein jatorra den hau, zein jatorra beste hori…’. Horrek edozer gauza esateko ausardia ematen dizu, ez baituzu beldurrik hanka sartzeko. Jendeak atentzioz entzuten zaitu».
Izan ere, beste edozein herritarrek bezainbeste merezi dute entzunak izatea. Txupinazoko diskurtsoan esan zuten: «Aldarrikatuko dugu adineko jendea ez garela ikusezinak, eta gauza piloa egin ditzakegula, eta egiten ditugula. Goraipatu nahi ditugu, aldi berean, elkartasuna, feminismoa, bizilagunen arteko harremanak…», irmo hitz egin du Blancok.
Kakorratza emakume horien erreminta artistikoa da, taldeak eustazpi dituen kalitatezko harremanak ehuntzen jarraitzeko. Desio ez den bakardadeari aurre egiten jarraitzeko. Horrela sortzen baitira elkar-zaintzeko gai diren komunitate sendoak, eta horrela egiten baita herria. Eta herritik, jakina, herriko jaiak. Gora trintxerpetarrak eta gora karmenak!