[Erreportajea] Madalenen luxuzko iragarle
Alpargatak urratuko dituzte ehunka dantzazaleek bihar herriko kaleetan, euskal dantza erdigunera ekarrita. Madalenen atarian, txistuarentzat erregistro oro egoki dela erakutsiko dute berriro.
Astebete baino ez da falta madalenak hasteko, eta dagoeneko jai giroa eta jai gogoa agerikoak dira. Itxaronaldia arintzeko, bost egun handien aurretik, horietarako beroketa ariketa izango diren hiru hitzordu izango dira udalerrian. Bihar izango da horien arteko lehena, eta zorioneko dira dantzazaleak, haiei begirakoa izango delako. Ereintza Dantza Taldeak Erromeria Eguna egingo du egun osoz, hogeita hirugarrenez. Herria dantzari emana egongo da, beste behin ere, plaza dantzaren erreferente ukaezina bilakatu den egun handiarekin.
Ereintzak helburu jakinarekin antolatu zuen lehen Erromeria Eguna 1999an: euskal dantzak plazara ateratzea. Hala gogorarazi du Andoni Goitia Ereintzaren lehendakariak eguna aurkezteko egindako agerraldian: «Herrian zabaldu nahi genuen euskal dantza, kalera atera jendearengana iristeko». Hogeita bost urte geroago zalantzarik ez da helburua bete dutela. «Gaur egun jende heldu ugari ari da euskal dantza egiten, ikasten, emakumeen elkarteetan, auzo elkarteetan…». Dantza herrian «dezente» zabaldu da haren iritzirako, eta Erromeria Egunak bide hori errazagoa egin duela sinistuta azaldu da. Duela hogeita bost urte izan zen lehen ekitaldia, baina aurtengoa hogeita hirugarrena izango da, pandemiarengatik bertan behera gelditu baitzen bi urtez.
Balorazio oso positiboa egin badute ere, ez da bidea bukatu, Ereintza Dantza Taldeak jarraitu nahi du dantza plazara ateratzen. Erromeria Egunak arrakasta handia du, eta zientoka dira dantzara biltzen direnak, bertakoak zein beste herrietatik heltzen direnak, «aurten ere hala izatea espero dugu, eguraldi ona egitea, eta jende asko gerturatzea».
Lorpen handien artean, Vanesa Castañok emozioz aipatu du adin ezberdinetako dantzazalez betetako plaza begien aurrean izatea: «Plaza beteta ikustea, belaunaldi ezberdinetako jendea denak batera dantzan, alai, ikaragarria da. Garai ilunetatik gatozela ahaztu gabe, are gehiago». Ereintza Dantza Taldeko kidea eta dantzaria da Castaño.
Euskal dantza ez dagoela modan pentsa dezake bateren batek; ideia hori apurtzeko adibide paregabea da Erromeria Eguna, hala esan du Castañok: «Badirudi euskal dantza ez dagoela oso boladan, eta Erromeria Egunean ehunka lagun ikustea euskal dantzaren bueltan, denak batera, handia da. 1999an herrian ez zegoen plaza dantzarik, eta gaur egun Ereintzaz aparte badago beste talde bat mutxikoak egiten dituena, emakume talde pila batek eta auzo elkarteetan euskal dantza egiten dute, aurten Herri Arte Eskolan euskal dantzan ume pila batek eman du izena… Gaur egun jende pilak daki dantzatzen plazan. Dantza jolas gisa hartzea, disfrute bezala da Erromeria Egunak ekarri duen gauzarik politena, nire ustez». Labur esan du Goitiak: «Politena, jendearen partaidetza da».
Eguna 10:45ean abiatuko dute dianarekin, eta 12:00etan hasiko dira kalez kale dantzan bertaratzen diren dantzazaleak. Herri bazkariaren txanda helduko da gero, eta Castañok mahaiaren bueltan sortzen den giro berezia nabarmendu du. Arratsaldean hartuko dute plaza berriz ere dantzazaleek, Zumardian egingo duten saioarekin. Egitaraua «xumea» dela esan du Castañok, baina egun polita izango den zalantzarik ez du, «dantzarientzat dantzan ase eta alpargatak urratzeko aukera paregabea izango da gure herrian».
Errenteria Dantzan
Etzi, dantza gehiago. Izan ere, Errenteria Dantzan egingo dute Zumardian Ereintzak antolatuta hori ere. Bertako dantza eta nazioartekoa fusionatzen du iniziatibak, eta urtez urte munduko hainbat herrialdetako dantzak ezagutzeko aukera eskaini diete herritarrei. Maddi Lasa eta Olaia Sanchez Ereintzako dantzariek eman dituzte aurtengoaren xehetasunak. «Polita iruditzen zaigu kanpoko kulturak ekartzea, horiek ezagutzeko, eta batez ere dantza», esan dute bi dantzariek.
Aurten Indonesiako Krida Budaya dantza taldea izango da gonbidatua. Arratsaldez izango da haien emanaldia, 19:00etan hasita. Iazko ekitaldiak arrakasta izan zuela nabarmendu dute biek. «Ginea Bissauko talde bat aritu zen, eta jende pila gerturatu zen ikustera. Espero dugu aurten ere arrakasta bera izango duela». Biharko Erromeria Egunean zein etziko Errenteria Dantzan-en herritar guztiak parte hartzera deitu ditu Ereintzak, «ikaragarri gozatuko dute».
Txistularien kontzertu handia
Dantzaren lekukoa musikak hartuko du. Ostegunean izango da hori —hilak 20— madalenen bezperan. Orduan egingo du Udal Txistulari Bandak Madalenen Aurreko Txistulari Kontzertua. Egun ezaguna den formatuarekin egingo duten hamaseigarrena izango da, eta emozioz eta mimo handiz ari dira lanean dena behar bezala irten dadin; ia urtebete ematen dute arrakasta itzela duen ikuskizuna prestatzen. Aurtengo artista gonbitatua Josune Arakistain Salas izango da. Huntza taldeko abeslari izandakoak Süne proiektua abiatu du, bakarkakoa.
Aitor Zorzano Errenteria Musikal Udal Erakunde Autonomoko presidenteak azaldu du emanaldian Süneren kanta batzuk eta Huntzaren beste batzuk joko dituztela, eta ondoren txistularien errepertorio ohikoagoarekin osatuko dutela emanaldia. Ordubete pasako saioa izango da, 20:00etan hasita, eta 500 eserleku jarriko ditu udalak ikus-entzuleak eroso egon daitezen. Hala ere, urtero betetzen dira aulkiak eta jende mordoak jarraitzen du ekitaldia zutik.
Berezitasun gisa, aurten hainbat omenaldi egingo dituzte, hala jakinarazi du Zorzanok: «Udal txistulari Bandak hogei urte beteko ditu aurten, Orereta Ikastolak 60. urteurrena beteko du, Cristobal Gamon ikastetxeak 50. urteurrena, EMKEk elkarte gisa 75. urteurrena, eta azkenik Touring Kirol Elkarteak mendeurrena bete du, eta denak omenduko ditugu». Udal Txistulari Bandako lau txistulariekin batera Ereintza Txistulari Taldekoak, Oarsoaldeko herrietako txistulariak, zein beste herritakoak izango dira oholtza gainean, 40 denera. Ereintza Dantza Taldeak, Xanti eta Maialen erraldoiek nahiz buruhandien konpartsak, Zaria abesbatzak, eta EMKE Bandako hamabi kidek ere bat egingo dute ekitaldian. Horrekin batera, «sorpresak» izango direla aurreratu du Zorzanok, «baina horiek ezagutzeko ostegunera arte, kontzertura arte, itxaron beharko da».
Udal Txistulari Bandako lau txistularietako bi dira Josu Izagirre eta Iñaki Letamendia. Madalen Aurreko Txistulari Kontzertua ekitaldi «oso berezia» dela aitortu dute biek, «horrelako ekitaldi bat antolatu eta hainbeste jende ikusteak poza ikaragarria eragiten du». Sentimenduz betetako unea dela dio Letamendiak. Lana eta ardura aipatu ditu, bere aldetik, Izagirrek: «Gurea eta beste askorena den emanaldia egoki eta behar moduan atera dadin lanketa handia egin behar da. Kontzertuan ikusten dena ez da bat-batekoa. Detaile handi eta txiki asko daude kontuan hartzekoak».
Sobera eskarmentua dute. Aurtengoa hamaseigarren ekitaldia izango dute formatu handi horretan. «Baina lehenago ere txistu kontzertu nagusiak egiten ziren herrian. Jaien aurreko asteburuan egiten genituen, geroago hasi ginen uztailaren 20an egiten, ekitaldi ezberdin asko pilatzen zirelako egun berdinetan bestela. Talka egiten genuen. Beti gonbidatu izan ditugu herriko beste eragileak gurekin bat egitera, baita abeslariak ere, baina herrikoak». Beste eragileekin elkarlana lehen lerroan jarri du Letamendiak, sinistuta baitago ezinbestekoa dela, «ederra da elkarrekin aritzea herriko eragile ezberdinak».
Abeslari handi ugari
Madalen Aurreko Txistulari Kontzertutik abeslari handi asko pasatu dira: Ane Etxegoien, Niko Etxart, Alex Sardui, Xabier Saldias, eta Fermin Muguruza, besteak beste. Agenda bateratzea dela zailena aitortu dute. «Horrekin batera, formatuan parte hartzea ere kostatzen zaie batzuetan. Txistua, abesbatza… moldaketak egin behar dira eta prest egon behar dute horretarako ere».
Formatua gorabehera, Udal Txistulari Bandak esperimentazioari beldurrik ez diola agerikoa da. Txisturako egoki ez den estilorik dagoen galdetuta, ahoan bilorik gabe erantzun dute Izagirrek eta Letamendiak: «Momentuz egin dugu, lortu dugu txistua eta estilo ezberdinak uztartzea, eta uste dugu posible izango dela aurrerantzean ere». Zorzanok ideia eman du, erdi txantxetan, «teknoarekin probatu behar dugu».
Dantzazalea eta musikazalea da Errenteria-Orereta, ez da zalantzarik. Txistuaren osasun egoera zein den galdetuta, etorkizuna bermatuta ikusten dute bi txistulariek, «lekukoa hartzeko belaunaldi berriak ez dira falta, baina gehiago izatea gustatuko litzaiguke». Horren harira, aurten martxan jarri duten esperientzia berria aipatu dute: «Auzoetatik deitzen gaituzte jaietara. Kontzertu erromeria egiten dugu euskal dantzariekin batera, eta arrakasta izaten ari da, pozik gaude. Bide bat hasi dugu eta uste dugu oparoa izango dela».
Ostegunekoak musika, kultura eta txistua bultzatzeko balioko du, baita ikus-entzuleen gozamenerako ere: «Txistua beste erregistro batean, beste musika estiloetan ikusi eta polibalentea dela erakusteko ere balioko du. Dianez eta kontzertuez aparte, txistuarekin bestelako emanaldiak egin daitezkeela ikusiko dute bertaratzen direnek».