Iluna taldeak debuta egingo du igandean Trintxerpen
Ulia tabernan izango da hirukotearen estreinako kontzertua. 'Gezurraren egia' albumeko kantak zuzenean interpretatuko dituzte.
Iluna talde sortu berriak debuta egingo du asteburuan Trintxerpeko Ulia tabernan (Azkuene kalean). “Aurkezpen akustikoa” egingo dute, eta horretan, argitaratu berri duten Gezurraren egia albumeko kantak interpretatuko dituzte.
Ane Miren Odriozola (ahotsa eta flauta), Carlos Nuez (baxua) eta Daniel Peña (gitarra) dira taldekideak. Aurreratu dutenaren arabera, jada jendaurrean diren albumeko abestien adaptazioa egiteaz gain, kantu berriak ere joko dituzte etzi. Denetarik izango da: bosa, bluesa, metala eta flamenkoa… Horiek guztiak, euskaraz.
Euren letretan jorratzen dituzten gaien artean honakoak daude: hirugarren adinekoen abandonua, emakumeen ablazioa, edo porrot egin duten harreman afektiboak. Iluna taldearen sorkuntzak entzun nahi dituenak horretarako aukera du Youtuben nahiz Spotifyn. Zuzenekora itxarotea nahiago dutenentzat, horra hor hitzordua: igandean, 19:00etan, Azkuene kaleko Ulia tabernan.