Landarbaso Asiako Grand Prix Finalean lehiatuko da
Orain ere, musikaren, eta zehazki, abesbatzen tontorrean izango da Landarbaso abesbatza, eta hortaz, baita Errenteria-Orereta, Gipuzkoa eta Euskal Herria.
Gorenak dira. Hori ez dago esan beharrik. Orain ere, musikaren, eta zehazki, abesbatzen tontorrean izango da Landarbaso abesbatza, eta hortaz, baita Errenteria-Orereta, Gipuzkoa eta Euskal Herria. Hilaren 25ean Madalen Jaien azken egunean Asiako Grand Prix Finalean lehiatuko dira errenteriarrak; ederra litzateke garaipena lortzea jaiei ginga jartzeko. Irabazi ala ez, bertara heltzea dagoeneko, garaipen itzela da; izan ere, lehen aldiz lehiatuko da Europako abesbatza bat Asiako sariketa handienean.
Halako bi baino ez dira egiten munduan, Europako Grand Prix, eta Asiakoa, eta Landarbasok ahots lorratza, ez nolanahikoa utziko du Balin.
Gaur eman dute lehiaketaren eta horren ingurukoen berri, Iñaki Tolaretxipi Landarbasoren Zuzendaria eta Goizane Alvarez Gipzukoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak Donostiako Aquariumean egindako agerraldian.
Esaldi bakarrean barnebildu du Tolaretxipik errenteriarrak bizitzen ari direna, “bidaia izugarria hasiko dugu”. Izugarria da bai, historikoa delako lortu dutena. Horren atzean lan gogorra dago, ezin da bestela izan, eta pasioa.
Asiako Grand Prixera sei abesbatza heldu dira, tartean Landarbaso. Lehiaketa horretara, aurretik egindako beste bost txapelketetako irabazleak heldu dira: Filipinak, Singapur, Malaysia, Japonia eta Indonesia. Lehiaketa horietako bakoitzeko irabazleak dira Asiako lehiaketa handian arituko direnak; Landarbaso abesbatzak, 2019an eskuratu zuen txartel preziatu hori Indonesiako txapelketa irabazita. Indonesiakoa Balin jokatu zen, eta Asiako lehiaketa handia ere Balin egingo dute.
Landarbasorekin batera, Filipinetako bi abesbatza, Indonesiako bat, Malaysiako bat, eta Taiwango beste bat. Harro esan du Tolaretxipik, “lehen aldiz arituko da Europako abesbatza bat lehiaketa handi honetan, eta Landarbaso izango da”. Hilaren 25ean izango da, Indonesian 14:00ak direnean —zortzi orduko aldea dago Euskal Herriarekin, eta hemen 06:00ak izango dira— eta 16:00etan izango da emaitzaren berri, “hilaren 25eko goizeko zortzietan, beraz, jakingo da irabazi dugun edo ez. Irabazle bakarra egongo da”.
2019az geroztik buruan bueltaka izan dutela lehiaketa aitortu du zuzendariak: “Landarbasok hemeretzi nazioarteko sari ditu, baina lehen aldia da Europako abesbatza batek parte hartuko duena Asia Grand Prixean. Gainontzeko abesbatzek beste aukera dituztela irabazteko esan du Tolaretxipik, “aurreko batean abeslari batek esan zidan, oso ondo egin genuela, ‘okerrago abestuta irabazi zian dugu’ esan zidan. Entseguetan ikaragarri ondo ari gara, ziurrenik orain gauden moduan ez gara inoiz izan, baina inoiz ez gara prestatu ere lehiaketa honetarako prestatzen ari garen bezala”. Ez dela hori nahikoa aitortu du, eta beste aldagai batzuk ere paper garrantzitsua jokatzen dutela, “nekea, zein egoeretan aurkitzen garen, aukerak… 30 orduko bidaia dugu hara iristeko, eta 24 ordu baino ez deskantsurako lehiaketa aurretik. Gainontzeko abesbatzek gehienez hiru orduko bidaia izango dute. Finean, denak du eragina”.
Aldagaiak aldagai, primeran prestatuta eta hoberena ematera joango da Landarbaso, ohi bezala.
38 abeslari
Landarbaso abesbatzako 38 abeslari joango dira Indonesiara, denera. Prestatu duten programa, bost lanekin osatu dute, hiru aipatu ditu Tolaretxipik: Javier Busto Hondarribiko konpositorearen Ametsetan, Jesus Guridiren Akerra ikusi degu, Jekabs Jancevskis konpositore letoniar gaztearen Atsalums. Azken lan hori lehenengo saria irabazteko apustu handienetako bat dela nabarmendu du, “miresgarria da musika konposizioak duen konplexutasunagatik eta hori abesteko behar den ahots gaitasunarengatik”. Bost lanak abesteko, hogei minutu izango dituzte, “ez da erronka makala, kronometroa ez delako gelditzen obren artean. Entrenamenduak ongi ateratzen ari dira”.
Indonesian daudela aprobetxatuta, Baliko lehiaketan parte hartuko du berriro (2019an egin zuen) Landarbasok, “ez gara Indonesiaraino joango bakarrik 20 minutuz abesteko”; hilaren 27an izango da hori. Hiru modalitatetan parte hartuko dute lehiaketa horretan: Musika sakroan, eusakal folklorea eta abesbatza mistoetan. Lehiaketan 200 korotik gora hartuko du parte.
Bidaiarekin dute kezka festa betean abiatuko dira herritik, “hilaren 22an, Madalena egunean, eta 24an iritsiko gara. Erronka izango da. oso inportantea da oso ondo egitea, eta ziur naiz dena erabakiko dela hiru abesbatza artean, hori da nire sentsazioa”.
Lehiakideen artetik bateren batekin beldur berezia duten galdetuta, ez duela jarraipen handirik egin aitortu du Tolaretxipik, “nahiago izan dut ez begiratu, gure lana egitera joan behar dugu, ahalik eta ondoen, influentziarik izan gabe. Badakigu irabazleak direla denak, oso onak izango dira beraz. Hala ere, Indonesiako abesbatza oso ona izango dela uste dut, nahikoa arerio gogorra izango da. horrekin batera, Filipinakoak, bi dira gainera. Izugarrizko eskola dela iruditzen zait. Ikusiko dugu”.
Bidaiaren kostuari ere egin dio erreferentzia Landarbasoren zuzendariak, “asko aurreztu dugu, oso bidaia garestia delako, eta eskerrak eman nahi dizkiot aldundiari guri laguntzeko egin duen esfortzuarengatik. Ulertu dute une historiko bat dela, Errenteria, Gipuzkoa eta Euskal herriko musika korala ordezkatuko dugu. Euskal Herria abesten duen herria da”.
Alvarezek esker ona adierazi dio Landarbaso abesbatzari Gipuzkoako kulturaren adierazle eta bidelagun paregabea izateagatik, “Kulturak eta musikak lehen mailako ekarpena egiten diote Gipuzkoaren nazioarteko proiekzioa eta irudiari”. Errenteriako abesbatza “Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultur eragile handietako bat ” dela gaineratu du Kultura diputatuak, eta lehiaketan parte hartzeak Europako kultur eragile nagusi gisa ere finkatu duela. Zorte handiena opa die Landarbasekoei, “adi izango gara, eta joate hutsa bere horretan garaipena da jada. Gazteentzat ere errefrente bikaina zarete, eta gaztetxoak gure kulturan parte hartzea bultzatzen du. jakin badakigu ez dela etorkizunik ez badago gazteentzako erreferenteak lantzen eta sortzen, horretan ere egiten duzuen lanarengatik mila esker gipuzkoar guztien izenean”.
Errenteria-Orereta ere adi izango da zalantzarik gabe, hilaren 25ean Indonesian gertatzen denari. Irabazle izateko merezimendu osoa dute, 25era itxaron gabe esan daiteke hori.