Molinaoko isuri urdinak zer diren argitu du udalak
Ingurumen sailaren arabera, likido koloratzaile ez kaltegarria da egunotan errekan agertu dena. Hoditeria lanetarako erabiltzen ari dira.
Asteazken goizean urdin koloreko isuriak antzeman zituzten zenbait bizilagunek Antxoko Marea Alta errekan. Toyota inguruko aparkalekuen eraikineko fatxadako hodietatik irteten ari zen tindatutako likidoa.
Pasaiako Udaltzaingoa zonaldera bertaratu eta identifikatu gabeko likidoaren presentzia egiaztatu zuen. Horiek, Pasaiako Udaleko Ingurumen departamentura bideratu zuten intzidentzia, bertatik ikerketa abiaraz zezaten, eta sail horretatik eman dute informazioa: Antza, likido koloratzaile ez kaltegarria zen. Aparkalekuen eraikinean obraren bat egiten ari dira, eta hoditerien ibilbideak identifikatu ahal izateko erabiltzen ari dira langileak tindagaia.
“Ohikoa da hodien ibilbideen berri izateko halako tinduak erabiltzea”, berretsi dute Ingurumen sailetik, “ez dira urarentzako kaltegarriak, baina, normalean, berde kolorekoak izan ohi dira”. Horregatik, hain zuzen, udal langileek nahiago izan zuten isurketen protokoloa zorrotz bete: URA agentzian eman zuten abisua, eta bertako inspektoreek ikerketa eginda egiaztatu zuten kaltegarria ez den likido koloratzailea zela urdin koloreko hura.