"Euskararen kontrako erasoaldiari" aurre egiteko bilerara deitu dute
Datorren ostegunean, hilak 20, bilera egingo dute, Landetxen, Oiartzunen nola erantzungo dioten antolatzeko. Euskaltzaleak gonbidatu dituzte.
Azken hilabeteetan euskararen kalterako hainbat ebazpen judizial kaleratu dituzte auzitegiek. Berriena, duela bi aste udal barruetako barne-komunikazioa euskara hutsez izatea ahalbidetzen zuen lege baten artikuluaren kontrakoa.
Horren aurrean, Oiartzunen zein erantzun emango dioten pentsatzeko bilera deitu dute. Euskaltzaleak bertara gonbidatu dituzte, hizkuntza eskubideen defentsan antolatzeko.
Izan ere, Oiartzungo Euskaltzaleek —horrela du izena deialdia egin duen taldeak— erabakia “larri” bezala definitu dute. “Euskara erabiltzeko eskubidea ez ezik, ofizialtasuna ere auzitan jartzen du”, zehaztu dute.
Erantzuna hausnartu eta erabakitzeko bilera datorren ostegunean izango da, hilak 20. 19:00etan hasiko da. Landetxe eraikineko 2. solairuan elkartuko dira —Mendiburu kaleko atetik sartu beharko da—, erantzun bateratua mamitzen hasteko.