Oiartzunek Markina-Xemeinen kontra jokatuko du Herriartekoaren finala
Guardiari hiru partidak irabazi dizkiote Oiartzungo pilotariek. Datorren igandean Bizkaiko txapeldunen kontra iazko finala errepikatuko dute.
Esku huskako Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finalerako txartela lortu du Oiartzunek. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako txapeldunek jokatzen dute txapelketa.
Arabako txapeldunen kontra aritu ziren oiartzuarrak pasa den larunbatean, Zumarragan. Bertako Beloki pilotalekuan jokatuko da txapelketa osoa.
Oiartzuarrak jaun eta jabe izan ziren, Guardiaren kontrako hiru partidak irabazi baitzituzten. Kadeteetan arabarrak tanto bakarrean utzi zituzten, eta Gazte Mailan hiru bakarrik egin zituzten arerioek.
Nagusien partidan estuagoa izan zen emaitza, baina hala ere oiartzuarrak nagusi izan ziren: 22-16.
Atzo Bizkaiko eta Nafarroako txapeldunen artean lehiatu zuten finalerako beste txartela. Markina-Xemeinek Leitzari irabazi egin zion, eta, ondorioz, iazko finala errepikatuko da Oiartzun eta Markina-Xemeinen artean.
Partida datorren igandean —hilak 23— jokatuko dute, Zumarragan. 11:00etan hasiko da kadeteen arteko partida.