Iturriotzen hautesleku berria izango da igandean
Auzoko dorretxean eman beharko dute botoa datorren igandeko hauteskundeetan, ohiko hauteslekua itxia baitago festengatik.
8.171 oiartzuarrek izango dute datorren igandean botoa emateko eskubidea. Eskubidea egikaritea erabakitzen dutenek hautesleku berri batera joan beharko dute.
Izan ere, auzoko festengatik aldatuko da Demokraziaren festa esaten zaionean parte hartzeko tokia. Dorretxean izango da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan botoa emateko kutxa.
Udalak jakinarazi duenez, dorretxeko beheko solairua atondu dute irisgarritasuna bermatu eta hauteskundeetan erabilgarri izan dadin.
Hori bai, Zirauki kaleko atetik sartu beharko da bertara. Ozentzio kaleko atea itxita egongo dela jkinarazi dute.
Aldaketarik ez gainontzekoan
Gainontzeko sei hauteslekuetan aldaketarik ez dela izango jakinarazi dute udal iturriek. Aurreko zitan bezala, Ugaldetxokoek auzo lokalean eman beharko dute botoa, eta Elizalden erroldatuta daudenek, auzoaren izena daraman ikastetxeko pilotalekuan.
Honakoak izango dira udalerriko zazpi hautets-barrutietan egongo diren hamahiru mahaiak:
- Arragua (bi mahai): Lartzabalgo anbulatorioan, Lartzabal etxadia zg.
- Iturriotz (mahai bakarra): Dorretxean, Ozentzio kalea 3 (sarrera Zirauki kaletik).
- Altzibar eta Karrika (bi mahai): Altzibarko eskola zaharretan, Agerrealde etxadia 7.
- Elizalde (lau mahai): Elizalde eskolako frontoian, Manuel Lekuona etorbidea 5.
- Ergoien (mahai bakarra): Auzokalte elkartean, Tornola kalea 4.
- Gurutze (mahai bakarra): Bizardia elkartean, Gurutze bidea 18.
- Ugaldetxo (bi mahai): auzoko lokal berrian, Rafael Pikabea 56-58.
Errolda kontsultatu
8.171 oiartzuarrek izango dute uztailaren 23an botoa emateko eskubidea.
2023ko otsailaren 27ko errolda helbidearen arabera egin da mahaietako banaketa. Herritarren batek bere bozka-lekuarekin zalantzarik badu, online edo udaletxean aurrez aurre argi dezake zein den bere mahaia:
- Aurrez aurre kontsultatzeko, udaletxeko idazkaritzan (Nortasun agiria, pasaportea edo gida-baimena erakutsi behar da).
- Online egiteko, helbide honetan (sinadura elektronikoa behar da; ez dutenek hemen kontsulta dezakete).