Errenteria, tentsio handiko eremu izendatzea eskatuko duen Gipuzkoako lehen udalerria
Errenteriako udalbatzarrak, etxebizitza arloan udalerria tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egitea onartu zuen atzo. Stop kaleratzeak iniziatibak aurkeztu zuen mozioa atzoko plenoan, eta proposamen horrek EH Bildu, PSE-EE, eta Elkarrekin Errenteria alderdien babesa jaso zuen; EAJ eta PP, berriz, abstenitu egin ziren.
Errenteriako udalbatzarrak, etxebizitza arloan udalerria tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egitea onartu zuen atzo. Herritar asko eta askorentzat zalantzarik gabe aringarri izango den neurria, ez zuten, tamalez, aho batez onartu ordezkaritza duten alderdiek. Stop kaleratzeak iniziatibak aurkeztu zuen mozioa atzoko plenoan, eta proposamen horrek EH Bildu, PSE-EE, eta Elkarrekin Errenteria alderdien babesa jaso zuen; EAJ eta PP, berriz, abstenitu egin ziren.
Horrenbestez, lehen urrats hori eginda, Eusko Jaurlaritzari Errenteria-Orereta etxebizitzaren arloan tentsio handiko eremu izenda dezan eskaera egingo dio udalak, hala, Espainiako Estatuko etxebizitza Legeak tentsio handiko eremuetarako jasota dituen neurriak indarrean jartzeko. Pasa den maiatzean onartu zen lege hori.
Mozioaren onarpenaren gaineko balorazioa egin du gaur EH Bilduk. Koalizio subiranistarentzat “aukera leiho” da Etxebizitza Legea, “2015. urteko Euskal legearekin uztargarria da, herritarren egoera hobetu eta etxebizitza, eskubide gisa ulertu eta merkatu logikatik ateratzen hasteko”. Halaber, azken urteetan etxebizitzak eraikitzen baino alokairuzkoen kopurua handitzen jarri duela indarra gaineratu du koalizio subiranistak, eta horren adibide jarri ditu, besteak beste, bizitegi-guneetan lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko aukera zabaltzea; etxe hutsen OHZ Ondare Higiezinen gaineko Zergan errekargua handitzea, Alokabiderekin 2019an sinatutako hitzarmena, edota herritarrei etxebizitza alokairuan jartzeko erraztasunak emateko onartutako hainbat diru laguntza.
Tentsio handiko eremu izendatzeak alokairuen prezioak mugatzea eta egun alokairuen epeak luzatzea ahalbidetuko duela nabarmen jarri du EH Bilduk, “bost etxebizitza baino gehiago dituzten jabeen kasuan”.
Udala dagoeneko hasi da beharrezko jardunbideak aztertzen ahalik eta azkarren gauzatzeko. Errenteria-Orereta izango da udalerria tentsio handiko eremu izenda dezaten eskaera egingo duen Gipuzkoako lehen udalerria.