Indarkeria matxistarik gabeko madalenak bermatu nahi ditu udalak
24 orduz aktibo izango den telefonoa, autobusen gaueko zerbitzua, indarkeria sexistarik gabeko gunea, igogailuen etengabeko zerbitzua eta Udaltzaingoaren salaketa bulego ibiltaria izango dira indarrean, besteak beste.
Ez bazaude eroso, erasoa da. Hori da Errenteriako Udalak jaien testuinguruan erabiliko duen leloa, iaz hasitako bideari segida emanda. Indarkeria matxistarik gabeko madalenak nahi ditu udalak, eta hori bermatzeko, hainbat neurri hartu eta beste hainbeste zerbitzu jarri ditu herritarren eskura. Horien berri emateko agerraldia egin du gaur goizean Aizpea Otaegi alkateak, Itsaso Cruz Berdintasun zinegotziak, Almudena de la Torrek (PSE-EE), Elixabete Muruak (EAJ), Maite Gartziak (Elkarrekin Errenteria) eta Antonio Vicentek (PP).
Ez bazaude eroso erasoa da izango da prebentzioan jarduteko aldarrikapena Otaegik azaldu duen moduan. Leloa eta iruditegia, ezagunak, iaz erabilitako berak baitira: “Begirada jarri nahi du bai emakumeak bai LGTBI+ pertsonek beraien bizitzaren esfera ezberdinetan pairatzen dituzten diskriminazio eta erasoetan, eta bereziki espazio publikoan eta jaien testuinguruan. Eraso horiek prebenitzeko eta horien aurrean gure jarrera tinko erakusteko erabiliko dugun lelo eta iruditeria”.
Kanpaina mugimendu feministarekin, jai batzordearekin eta ostalariekin adostua dela nabarmen jarri du alkateak, “zentzu horretan eragileekin eta herritarrekin beraiekin landutakoa”. Kanpainaren bueltan hainbat jarraibide aurreikusten dira erasoak ematen badira, edo antzeko egoera deserosoak ikusiz gero, bai norberak bai ingurukoak nola jokatu behar duten azalduz. Horretarako, hainbat baliabide ere aktibatu ditu udalak, “prebenitzeko eta gertatzen badira, esku hartzeko”.
Iaz bezala, 24 orduz aktibo izango den telefono zerbitzua indarrean izango da hilaren 21etik 31ra, biak barne: “Jaietatik harago luzatuko da zerbitzua egun batzuez, denok dakigun moduan, agian ez dugulako nahikoa indarrik gauzak gertatzen diren unean adierazteko; batzuetan denbora pixka bat gehiago behar dugu gertatu denaz ohartzeko”. Telefono zenbakia honakoa da: 650 40 78 53. Esan moduan 24 orduz egongo da telefono zenbaki hori erabilgarri, eta bertatik psikologo batek artatuko du deia. Doakoa da, eta erabat konfidentziala. Zerbitzu horren bidez informazioa, orientazioa, eta laguntza psikologikoa eskaintzearekin batera, jaietan izandako askotariko erasoen erregistroa egingo da gertaerak agerian jartzeko. Erasoak erregistratzeko ez da salaketa ofizialik egin beharko. Erregistro hori garrantzitsua dela politika publikoak egin ahal izateko esan du udal agintariak, “gertatzen denaz jabetzea ezinbestekoa da”.
Larrialdi kasuetan SOS Deiak-en 112 telefono zenbakira, edo Udaltzaingoaren 092 telefono zenbakira deitzea aholkatu du.
Indarkeria sexistarik gabeko gunea
Indarkeria matxisten inguruko sentsibilizaziorako eta prebentziorako gunea martxan jarriko dute aurten ere, indarkeria horien gaineko kontzientzia hartzeko. “Zerbitzu presentziala izango da eta espazio honen helburua aholkuen espazioa eskaintzea da, jarraibideekin, baita ere profesionalekin eta hurbiltasunezko giro batean”, azaldu du Otaegik.
Zerbitzu hori Foru plazan izango da zabalik gaur, bihar eta astelehenean, 18:00etatik 02:00etara, eta hilaren 23an, 11:00etatik 02:00etara.
Erasoen aurrean udalak lidergoa mugimendu feministari aitortzen diola gogorarazi du Otaegik, “zerbait gertatuko balitz erantzun publikoa beraiekin artikulatua izango litzateke, beraiekin adostuta daukagun protokoloaren baitan”.
Gaueko autobus zerbitzua indartu
Ez dira udalak hartu dituen neurri bakarrak, gaueko autobus zerbitzua ere indartu du, eta bi linea berri aktibatuko dira autobus zerbitzua herriko auzo guztietara bideratzeko asmoz. Gainera, ohiko geldialdiez gain, demandara egindako geldialdien aukera aktibatuko da.
- G1 linearen geltokiak, honakoak: Aralar plaza, Pontika, Beraun etorbidea, Norberto Almandoz, Koldo Mitxelena, Urbia plaza, Parke kalea, Urdaburu kalea, Murumendi kalea, Anbulatorioa, Alaberga 53, Alaberga 75, Versalles, Sorgintxulo 11, Portua, Nafarroa etorbidea 75. Irteerak: 23:00 – 00:00 – 01:00 – 02:00 – 03:00 – 04:00 – 05:00.
- G2 linearenak, hauek: Nafarroa etorbidea 75, Gabierrota, Lartzabal 1, Arragua, Fanderia 17, Erramun Astibia, Resurreccion Maria de Azkue, Gaztelutxo, Agustinak 4, Elias Salaberria 6, Markola 41, Markola 25, Markola 3, Agustinak 15, Hijas de la Cruz, Zentolen 1, Zentolen 2, Zamalbide tailerrak, Sagardiburu 1, Sagardiburu 2, Egiburuberri, Zamalbide bidegurutzea, Masti-Loidi, Arramendi, Pontika, Beraun etorbidea, Norberto Almandoz, Koldo Mitxelena, Urbia plaza, Aralar plaza. Irteerak: 23:20 – 00:20 – 01:20 – 02:20 – 03:20 – 04:20 – 05:20.
Igogailuak ere 24 orduz izango dira martxan jaietan, herritarrei mugikortasuna errazteko, eta bereziki, auzoen arteko bide irisgarri eta seguruak bermatzeko. Iaz jarri zen martxan eta udalak oso ondo baloratu duela neurria jakinarazi du alkateak. Herritarrentzat zerbitzu garrantzitsua den zalantzarik ez du alkateak, “horietan iaz ezer gertatu ez izanak eta bandalismorik ez izanak erakusten du herritarrek erantzukizunez jokatzen dutela eta badakitela apreziatzen halako baliabide batek ematen dien zerbitzua”.
Azken neurri gisa, Udaltzaingoaren errefortzua aipatu du Otaegik: “Jaietan segurtasun premia handiagoa izaten delako, eta herritarrengandik hurbilago udaltzainak egotea garrantzitsua delako, eta oro har baliabideak handitzeaz gainera zerbitzuak hurbildu egiten zaizkie. Batetik udaletxera gerturatzeko aukera izango da egunero 10:00etatik 02:00etara, bertan udaltzain bat izango da. Bestetik, hilaren 21ean 06:00etatik 02:00etara, eta 23an 07:00etatik 02:00etara udaltzaingoaren zerbitzua indartuko da.
Azkenik, herritarrek udaltzainen salaketa bulego ibiltaria izango dute eskura. Pilotari kalean izango da, Galizia biribilgunearen ondoan, eta herritarrek laguntza eskatu edo salaketa jartzeko aukera izango dute. Bi udaltzain izango dira bertan hilaren 21etik 24ra arte, 20:00etatik 02:00etara.
Iazkoaren balorazio positiboa
Iaz jarri zuen indarrean lehenengoz neurri sorta udalak eta aurten errepikatzea egindako balorazioa oso positiboa izan zelako erabaki duela azaldu du Otaegik: “Informazio eta sentsibilizazio guneak sekulako harrera izan zuen herritarrengandik bisita eta informazio eskaera asko, bai emakume gazteena, bai gaztetxoak dauzkaten gurasoenak. Kontsulta asko izan ziren eta, profesionalek beraiek ere oso positibo baloratu zuten kokapenarengatik, eta jendearen erabilera eta harrerarengatik”.
24 orduz martxan den telefonoaren erabilerarik ez zela egin esan du alkateak: “Hori ere modu positiboan baloratu dugu. Dispositiboak egon behar du, baina berri ona da erabilerarik eduki ez izana. Gainera, iazko testuingurua jaietan ziztadek markatuta etorri zen. Ia herri guztietan salatu ziren ziztadak, eta gurean ez zen halakoren salaketarik izan . pentsatzen dugu beraz, lan honek guztiak, isla bat izan dezakeenaren irakurketa egin dezakegula, eta dispositibo hau guztia beharrezkoa dela, hain justu, ezer gerta ez dadin edo ahalik eta gutxien gerta dadin eta gertatzen denean erasoa pairatzen dutenek ahalik eta akonpainamendu onena eta egokiena izan dezaten, eta profesionalena. Iazko balorazioa jendeak oso arduratsu jokatu zuela, festak oso ondo joan zirela, ez zela inolako intzidentzia berezirik egon, ea aurten ere madalenak pasatakoan gauza bera esatea dugun. izan daitezela denok ongi pasatzeko egunak, eta elkar zainduz”.
Ostalariei eta jai batzordean parte diren eragileei begirako ikastaroak ere antolatu ditu udalak, Itsaso Cruz Berdintasun zinegotziak esan du horiei “buelta bat” eman behar diela udalak. “Berez hiru saio aurreikusi ziren eta bakarra egin da azkenean. Horrek eraman digu birpentsatzera formatu hori, finean oso eragile garrantzitsuak direlako eragiteko. Hausnarketa egin behar dugu formazio saio horiek indartzeko”.
Cruzek gaineratu du, gaur bertan bera eta teknikari bat izan direla jaietarako udalak hesietan egoteko kontratatzen dituen gazteekin, “azaldu diegu zein den indarkeria matxistaren gainean udalak martxan duen programa, egin dezaketena erasoren bat ikusi edo laguntza eskatzen badiete”.
Askotan egin duen deia egin du alkateak gaurko agerraldian ere: “Beti esaten dugun bezala begi bat jar dezagun gure gozamenean, eta bestea, inguruan gertatzen ari den horretan. Arduratsu jokatuz eta esku hartu behar denean hartuz uste dut lortu dezakegula madalenak izatea benetan guretzat harro egoteko moduko jaiak”.