Igandeko hauteskundeetarako mahai guztiak, Bekoerrotan
Udal eta foru hauteskundeetan egin antzera, herriko kiroldegiak jasoko ditu igandean zazpi mahaiak. Aparkaleku bereziak ezarriko dituzte.
Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan bezala, igandean egitekoak diren Espainiako Gorteetarako Hauteskundeen Lezoko epizentroa Bekoerrota kiroldegia izango da. Hau da, herriko mahai den-denak (zazpi) han jarriko dituzte. 09:00etatik 20:00etara izango da zabalik hautesgunea.
Bertara, oinez joateko eskatu diete herritarrei. Baina mugikortasun arazoak dituztenei boza emateko eskubidea errazteko zortzi aparkaleku berezi egokituko ditu udalak Gezala kalean. Zortzi plazako gunea izango da, eta gehienez 30 minutu egon ahalko dira autoak plaza horietan. Denbora-tarte hori errespeta dadila eskatu du udalak.
Gainera, hauteskundeen emaitza Lezoko Udalaren webgunean publikatuko dituela jakinarazi du udal erakundeak.