Omenaldiz betetako Madalenen Aurreko Txistularien Kontzertua
Oreretak beste behin erantzun egin dio gaurko hitzorduari eta Touring taldeari esanei eutsita, herria egiten duen herria dela adierazi dute.
XVI. Madalenen Aurreko Txistulari Kontzertuari ez diote hutsik egin errenteriarrek eta Gamon Zumardia goraino bete dute. Aurten, Sune abeslaria izan da gonbidatu berezia, Huntza taldean jotzeagatik ezaguna egin zen Josune Arakistain zestoarra hain zuzen.
Udal Txistulari Bandako lau txistulariekin batera Ereintza Txistulari Taldekoak, Oarsoaldeko herrietako txistulariak, zein beste herritakoak izan dira oholtza gainean, 40 denera. Ereintza Dantza Taldeak, Xanti eta Maialen erraldoiek nahiz buruhandien konpartsak, Zaria abesbatzak, eta EMKE Bandako hamabi kidek ere bat egin dute ekitaldiarekin.
Zintzilik Irratiko esatariek gidatu dute saioa oholtza gainean jarri duten estudiotxotik eta haiek izan dira aurtengo omenduak igotzera gonbidatu dituztenak ere. Lehenik, Udal txistulari Bandari eman diote ahotsa bere 20. urteurrenean eta Oreretako kaleetan ibiltzea “luxua” izan dela adierazi dute.
Segidan, EMKEk arraunak gainean dantza berezi batekin ospatu du haien ibilbidea. Gero, Cristobal Gamon ikastetxeko eta Orereta Ikastolako zuzendariak igo dira eszenara eta eskerrak eman dizkiete haiek ere kontuan hartzeagatik. Azkenik, Touring Kirol Elkartea omendu dute eta aurretik jarritako bertsoei eutsi diete: “Herriak egin du taldea, taldeak herria”. Amaitzeko, Xanti eta Maialenek dantzaldia egin dute.