[Bideoa eta argazkiak] Hasi dira!
Herriko plaza lepo hasi dira madalenak, eta giro paregabea izan da nagusi ikurrina eta Nafarroako banderak jantzi duten txupinazoan.
Herriko Plaza lepo hasi dira madalenak, eta giro paregabea izan da nagusi ikurrina eta Nafarroako banderak jantzi duten txupinazoan. Gaur 40 urte bete dira 1983ko uztailean banderen gerrak herriko jaiak zapuztu zituela, eta Ernai gazte antolakundeak keinu egin dio gertakari horri pankarta erraldoia zabalduta plazan txupinak eztanda egiteko minutu gutxi falta zirela. Honakoa irakur zitekeen bertan: Espainiako erregimena eroriko da. Gazteok independentzia. Ikurrinaren aldeko oihuak entzun dira plazan une horretan.
Ez da posible izan. Txupinazo garbiaren aldeko deia egina zuen jai batzordeak. Ez dago, ordea, modurik horien erabilera ezabatzeko antza, eta hainbat kepchup eta mostaza poto konfiskatu badituzte ere, arrautza, irin, mostaza, baita ozpina ere jaurti dituzte hainbatek. Zorionez, madalenaren bat ere azaldu da agertokian, eta gaseosa botilak erruz. Juneren Hegoak elkarteko ordezkariak eta Gurutze Gorriaren tokiko elkartea izan dira txupina piztu eta jaia hasteko arduradunak; urduri, hunkituta eta zoriontsu bete dute egitekoa, bertsoa abestu ondoren. Zazpietan puntuan egin du eztanda txupinak, eta hasi da festa. Zentenarioa-ren doinuek dantzan jarri dute plaza.
Ura balkoietatik behera, urtebetetzea txupinazo erdian ospatu duen gaztea, plastikozko kapa soinean azaldu den familia… Aurtengoak ere utzi ditu irudi bitxiak. Denaren gainetik festa gogoa, nagusi, giro paregabean.
Ezin ahaztu Aizpea Otaegi alkateak, aste honetan indarkeria matxistarik gabeko jaiak bermatzeko bidean udalak hartu dituen neurriak aurkezteko egindako agerraldian esandakoa: begi bat norberaren gozamenean jartzeko, eta bestea, inguruan, herritar denak gozatzen ari direla bermatzeko, eta eraso edota jarrera ezegokiak ikustekotan esku hartzeko. Errenteria-Orereta indarkeria matxistarik gabeko udalerri bihurtzeko ezinbesteko urratsa.
Bost egun aurretik dituzte errenteriarrek eta badute zer gozatu. Jaietako egitarau osoa, egunez egun, hemen klik eginda kontsulta daiteke.
Mila Koloretako Txupinazoaz eta txupinazo nagusiaz gain, Holi txupinazoa ere egin dute Gernika plazan: azken horren irudiak ikusteko joan Errenteria Herri Bizia webgunera.