[Erreportajea] Alaberga, danborrak astintzeko prest
«Ilusioz eta arduraz» ekingo dio gaurko 23:00etan Alabergako danborradak bere ohiko ibilbideari. Aurten, gainera, mugarri izan den erabaki bat hartu dute: danborradaren batzordea sortu dute.
Madalenek indartsu eta ozen egingo dute eztanda gaur 19:00etan udaletxeko balkoitik. Txupinazoa jaurtitzearekin batera, Errenteria-Orereta bost eguneko jai giroan murgilduko da. Errenteriako Udalak, jai batzordeak eta eragileek gustu eta publiko guztiak aintzat hartu dituen programazioa osatu dute, jarduera mordoarekin. Jarduera horien artean, nola ez, danborradak daude. Orotara, bost izango dira herriko kaleak danbor doinuez girotuko dituzten danborradak, eta HITZA ibilbide luzeena daraman danborradarekin elkartu da: Alabergako danborradarekin.
Alabergako Arditurri Auzo Elkarteak antolatzen du danborrada, eta 60 urte inguruko ibilbide oparoa osatu du jada. Aurten, baina, danborradarentzako mugarri izan den erabaki bat hartu dute, Alabergako Danborradako Batzordea sortu baitute, hamaika pertsonaz osaturikoa. Batzordeko kideek adierazi dute komisio hori sortzeko xedea izan dela eginbeharrak banatuagoak izatea, danborradari dagozkion erabakietan parte hartze handiagoa izatea, eta kideen arteko komunikazioa erraztea. «Pertsona gutxi batzuek zeramaten pisuaren zama handiena, eta hori bideraezina da. Gure helburua izan da danborrada parte hartzaileago bat eratzea, eta batzordeak asko erraztu du gure arteko komunikazioa, danborrada osatzen duten esparru ezberdinetako jendea baikaude batzordean», esan dute batzordearen sorreraz.
Ohikoa den bezala, gaurko 23:00etan hasiko du Alabergako danborradak bere ibilbidea, Deiadar txarangarekin batera. Batzordeko kideek aitortu dute «gogotsu» daudela kalera irten eta danborrak astintzen hasteko. Auzotik abiatuko dira 180 parte hartzaileak, eta herriko kaleak danbor hotsez alaitu ondoren, 00:00etan bukatuko dute bidea Herriko Plazan. Bertan, udaletxe aurrean, Zentenarioa doinu mitikoa joko dute.
Zentenarioa-ren une hori «ikaragarria» dela onartu du batzordeak: «Udaletxea jendez lepo egoten da, eta herritarrek asko babesten gaituzte, bai gu eta baita beste danborradak ere». Batzordea harago joan da, eta danborradak eurengan duen eraginaz ere mintzatu dira. Batzordeko kideetako bat bost urterekin hasi zen danborradan parte hartzen, eta bost hamarkadaren ondoren, bertan jarraitzen du, tinko: «Niretzako madalenetako ekitaldirik garrantzitsuena da danborrada. Ondoren datoz jaietako gainontzeko jarduerak. Uztailaren 21eko Zentenarioa jotzea txupinazoa eta Xanti eta Maialenen lehen agerpenaren pare jarriko nuke, madalenen hasieraren berebiziko hiru ikur dira».
Ilusioa eta ardura
Alabergakoa Errenteria-Oreretan dagoen danborrada zaharrena dela gogorarazi du batzordeak. Ez hori bakarrik, «herri guztiari irekia» dagoen bakarra dela esan dute harro, beste batzuk «itxiagoak» baitira haien ustez. «Herriaren danborrada» bezala definitu dute Alabergakoa batzordekideek. Aurten 180 pertsonarekin ekingo dio danborradak ohiko ibilbideari, eta oroitarazi dute jende gehiago ez jasotzea, ez dela ez dutelako nahi, «teknikoki oso zaila» delako jende gehiago elkartzea baizik.
Momentu honetan, Alabergako danborradak «eskaera handia» duela zehaztu dute, eta bi urteko itxarote zerrenda dute bertan parte hartzeko. Batzordeak onartu du «ilusio handia» egiten diela parte hartzea, askorentzat «lotura emozionala» ere baduelako. Ilusioaz gain, «ardura» puntu bat ere badutela aitortu dute: «Uztailaren 21a da, eta ardura dugu Herriko Plazan ondo jotzekoa eta jendea gustura egotekoa».
