[Bideoa eta argazkiak] "Ondo pasatzera etorri al zarete?"
Mila Koloretako Txupinazo Txikiak Koldo Mitxelena plaza eztandarazi du. Haiek izan dira lehenak 2023ko madalenak inauguratzen.
Dagoeneko hasi dira madalenak, horiek inauguratzeko oreretarrek egin dituzten hiru txupinazoekin. Suzirien ekitaldien artean lehena Mila Koloretako Txupinazo Txikia izan da. OarsoIrriak dinamikak antolaturiko eta haurren jai batzordetik bideraturiko jaien irekiera koloretsua bezain alaia izan da.
17:15ean hasi dute bidea herriko gazteenek Zo-Zongó konpainiaren erritmopean. Horien instrumentuak haurrek etxetik ekarri edo eskuz sortu dituztenekin lagundu dituzte, eta hala iritsi dira Koldo Mitxelena plazara 18:00ak baino apur bat lehenago. Bertan, urteroko talde argazkia egin eta jai batzordeko gazteenek inauguratu dituzte 2023ko Madalen Jaiak.
Jaiak disfrutatzeko dira, eta ongi ikasia dute hori, baina plaza bete dutenei galdetu behar izan diete ea euren asmoek bat egiten zuten antolatzaile txikienekin. “Ongi pasatzera etorri al zarete?” galdetu, eta bizilagunek ozen-ozen erantzun arte ez dute abiatu atzera kontaketa. Hamarretik hutsera zenbatu du elkarrekin plazak, eta orduan egin du eztanda mila koloretako jaiak. Globoak, serpentinak… Ikus: