Txupinazo festa Zintzilik irratiaren eskutik
Zuzenean emango du txupinazoa Zintzilik Irrati Libreak. 17:00etan hasiko da irratsaio berezia; ondoren kontzertua antolatu dute Gonapk talde lezoarrarekin.
Txosna gunetik egin zuen zuzeneko emanaldia Zintzilik irratiak 2016an. Txupinazo festa egingo du gaur Zintzilik Irrati Libreak, eta horretarako, irratsaio berezia hasiko du 17:00etan. Elkarrizketak, musikak, Herriko plazaren giroaren gaineko zuzeneko kontaketa egingo dute irratikoek. 19:30ean txosna zabalduko dute jatekoekin eta edatekoekin, eta 20:00etan Lezoko Gonapk rock taldearekin kontzertua antolatu dute.
Udan ez da programaziorik izango. Baina irailetik aurrera, 39. denboraldia jarriko du martxan Zintzilikek. Horren harira, irratian parte hartzera deitu ditu herritarrak. Sare sozialen bidez jarri beharko dute harremanetan interesdunek.
