Hiru pasaitarretik batek EH Bilduren alde egin du
315 botoko aldea atera dio koalizioak PSE-EEri. Sozialistek aurrea hartu diote EAJri 2019ko datuekin alderatuz, bigarren indar bihurtuz.
EH Bildu nagusitu zen atzo pasaitarren artean, Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetan. Lehen indarra izan zen koalizio abertzalea, 2.437 botorekin. Atzetik, PSE-EE, 2.122 aldeko bozekin (315 gutxiago), eta hirugarren indarra EAJ, 1.327 pasaitarren babesa lortuta (sozialistek baino 795 gutxiagorekin, eta EH Bilduk baino 1.110).
12.254 bizilagunek zuten atzo Pasaian botoa emateko eskubidea, eta 7.757k baliatu zuten hori. Alegia, 4.497 pasaitar (erroldan bozkatzeko eskubidea zutenen %36,69) abstenitu egin ziren atzo. 2019ko azaroko azken hauteskundeetan baino handiagoa izan zen kopuru hori (pasaitarren %35,79 abstenitu zen orain dela lau urte).
Aurrea hartu dio PSE-EEk EAJri
Espainiako Gorteetako Hauteskundeen 2019ko emaitzekin alderatuta, aldaketak izan dira, ez soilik parte hartzean, baizik eta baita pasaitarren boto ohituretan ere. Aurten EH Bildu izan da berriro indar nagusia (2.437 boto), PSE-EE bigarrena, (2.122), eta EAJ hirugarrena (1.327). Orain dela lau urte, aldiz, jeltzaleak izan ziren bigarren, koalizio subiranistak baino 117 boto gutxiagorekin, eta sozialistek baino 119 gehiagorekin. Aurten baino parekoago, beraz, lehen hiru indarren arteko aldea.
Igoera nabarmena izan da aurten bilkideen eta sozialisten mesedetan. Orain dela lau urte baino 474 pasaitar gehiago hurbildu ziren atzo EH Bilduren aldeko papera botatzera, eta 2019an baino 395 gehiago keinu berbera PSE-EEren alde egitera. EAJren kasua, kontrakoa: 519 herritar gutxiagok eman diete aurten botoa jeltzaleei.
2019an Unidas Podemos izan zen laugarren indarra Pasaian, 1.578 botoko babes sendoarekin. Sumarrek ez du lortu, aurten, zifra horretara hurbiltzerik. Laugarren indarrak 997 boz lortu ditu alde, jeltzaleekiko 330eko aldearekin. Hortik aurrerakoetan, aldaketa handirik ez azken lau urteotan: 2019an PP izan zen bosgarren bozkatuena Pasaian, Vox seigarren eta Ciudadanos zazpigarren. Aurten, C’s gabe, Pacmak hartu du leku hori.
PPren aldeko babesak, apal, baino gora egin du. Eta behera, aldiz, eskuin muturraren aldekoak. 2019an baino 79 babes gehiago jaso ditu aurten Alderdi Popularrak (492), eta 34 gutxiago Voxek (179). Pacmak 70 boto jaso zituen 2019an Pasaian, eta 47 atzoko hauteskundeetan.
Ondoko zerrendan, aurtengo emaitzak (parentesi artean 2019ko azaroko aurreko Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetan alderdiek lortutako emaitzak):
- EH Bildu: 2.437 boz (2019an 1.963).
- PSE-EE: 2.122 boz (2019an 1.727).
- EAJ: 1.327 boz (2019an 1.846).
- Sumar: 997 boz (2019an Podemosek 1.578).
- PP: 492 boz (2019an 413).
- Vox: 179 boz (2019an 145).
- Pacma: 47 boz (2019an 70).