Eraldaketa digitala eta trantsizio ekologikoa bultzatzeko 200.000 euro
Diru laguntza lerro berria abiatzeko erabakia, xede berarekin iaz egindako deialdiak izan zuen erantzun positiboagatik hartu du udalak.
Establezimenduen eraldaketa digitala eta trantsizio ekologikoa bultzatzeko diru laguntza deialdi berria jarri du indarrean Errenteriako Udalak. Horretara, 200.000 euroko diru poltsa bideratuko du udalak. Deialdi berria, Errenteria-Oreretako eragile ekonomikoekin landu du udalak eta gaur eman ditu xehetasunak Leire Mazizior Egilegor Garapen Ekonomikoko zinegotziak.
Diru laguntza lerro berria abiatzeko erabakia, xede berarekin iaz egindako deialdiak izan zuen erantzun positiboagatik hartu duela udalak azaldu du Maziziorrek, “hiri ekonomia osatzen duten sektoreek azken urteotan abiatu dituzten planetan—Merkataritza Berrindartzeko Plan berezia (PERCO), eta Errenteriako Ostalaritzaren Plan Estrategikoa— aukera gisa identifikatu dute digitalizazioa, salmenta kanalak zabaldu eta erosle gazteagoengana iristeko”.
Iraunkortasuna funtsezko elementua da udalarentzat. Sinistuta dago hiri ekonomiari eragiten diotela energia aurreztea, banaketa jasangarria, kontsumo arduratsua, eta ekonomia zirkularrak, eta datozen urteetan gero eta garrantzia handiagoa hartuko dutela. Egungo testuinguruak, estrategiak azkartu beharra ekarri duela uste du gainera, “merkataritzaren dinamismoari eusteko eta hiri ekonomiari tresnak emateko, birmoldaketa bati ekin diezaion, iraunkorragoa, eta eskari berrietara egokituagoa”. Trantsizio horretan enpresei eta elkarteei laguntzea da laguntzen helburua.
Auzoak bizirik mantentzeko, jarduera ekonomikoak berebiziko garrantzia duela nabarmendu du Maziziorrek, “diru laguntza hauek, antzeko beste diru laguntza batzuk osatuko dituzte eta Errenteriako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako enpresek eskatu ahal izango dituzte. Taxilariek, salmenta ibiltarian ibiltzen direnek, eta beren ekoizpenak zuzenean saltzen dituzten tokiko ekoizleek ere aurkeztu ahalko dituzte eskabideak”.
Diru laguntzara, hasiera batean, 200.000 euroko diru zatia bideratuko du udalak, baina kopuru hori zabaldu daitekeela esan du zinegotziak, “1.500 euro ticketBai sistemarako jaso ahalko dira gehienez, 1.500 euro ere eraldaketa digitalak bultzatzeko eta 3.500 euro, gehienez, trantsizio ekologikorako ekintzetarako. Eskabide bakarra aurkeztu ahalko da, bertan hiru atal hauek jasota, eta gehienez ere 5.000 euro jaso ahalko ditu negozio batek”. Aurtengo ekitaldi bitartean egindako gastuak lagunduko ditu udalak diruz, eta eskaerak gaurtik azaroaren 17a arte aurkeztu daitezke. Oinarriak eta eskaera orria hemen klik eginda eskura daitezke.
Iaz, 171 diru laguntza eskaera
Udalak iaz martxan jarritako diru laguntza lerroaren bidez 171 merkatari, ostalari eta profesional lagundu zituen, 230.000 euro bideratuta, “esperientzia horri jarraipena ematea aproposa da eraldaketa hauek garapen eta hobekuntza maila berri batera eramateko”.
Merkataria da Maixabel Alfonso eta izen bereko arrandegia du. Laguntza eskatu zuen berak iaz, eta poltsa berrerabilgarriak erosteko egin zuen inbertsioa, “jendeak gustura jaso ditu eta berrerabiltzen ditu. Positiboki baloratzen dut diru laguntza lerroa”. Agerraldian izan da ere Mari Jose Sotelo Amy oihalgintza denda du berak Errenteria-Oreretan, eta diru laguntza eskuko telefonoa aldatzeko baliatu zuen azaldu duenez: “lan asko egiten ari naiz instagram bidez eta niretzako lanerako ezinbesteko tresna da mugikorra. Inprimagailua ere erosi dut”.
Koro Carrillok berriz, zapata denda du Beraunen. Sotelok bezala, berak ere mugikorra aldatzeko baliatu zuen diru laguntza, “saltokien presentzia sare sozialetan gero eta beharrezkoagoa da, eta ticketBai sistema indarrean sartzerakoan dendako ekipamendua ere aldatu nuen”. Hirurak pozik azaldu dira diru laguntza lerro berria zabaldu dela-eta.
Maika Martin Errenkoaldeko presidenteak ere oso positibo baloratu ditu laguntzak. “2022ko laguntzetan batez ere ekipoak aldatzeko egin ziren eskaerak, tickt bai sistema indarrean sartu zelako eta moldatu egin behar izan genituelako. Oso ongi hartu genituen laguntza horiek. Aurten ere laguntzak izango dira eraldaketa digitalerako eta trantsizio ekologikorako, hainbat ataletan banatuta. Zalantzarik gabe lagungarri izango ditugu iazkoak bezala”.