Klima eta Energia Plana osatzeko proposamenak egin ditzakete oiartzuarrek
Udalak herriaren kalteberatasunak diagnostikatu ditu, neurriak hartzeko. Herritarrek galdetegiak dituzte eskuragarri, proposamenak egiteko.
Oiartzungo Udala Klima eta Energia Plana osatzen ari da. Izan ere, erakundearen helburu estrategikoetako bat da energia burujabetzan aurrerapausoak ematea.
Urtarrilean hasi ziren plan hori idazten. Klima-aldaketaren aurrean Oiartzunek duen kalteberatasuna eta arriskuen ebaluazioa egin du udalak, hartu beharreko neurriak identifikatu eta lehenesteko.
Tenperaturek, gora; prezipitazioek, behera
Udalak jakinarazi duenez, azken 40 urteetako joerei erreparatuta, hobetzeko bitartekorik jarri ezean mende bukaeran izango litzatekeen eguraldiaren proiekzioa egin dute.
Horrela, Oiartzungo batezbesteko tenperatua 4,5ºC igoko litzateke, 13ºC-tik 17,5ºC-ra. Bero bolada egunak, maiztasuna eta gau tropikalak ohikoagoak izango lirateke.
Gainera, euri gutxiago egingo luke; %11 murriztuko lirateke prezipitazioak. 5,4 mm/egunetik 4,8 mm/egunera, alegia.
Urtean 22,2 euri-egun gutxiago izango lirateke, eta horietan botatako euriaren kantitatea handiagoa izango litzateke.
Lehen sektorea, zaurgarriago
Klima aldaketak oiartzuarren osasunean, herriko ekonomian —nekazaritza eta abeltzaintzan bereziki— eta azpiegituretan eragingo lukeen inpaktua ebaluatu dute, kalteak ahal den neurrian esku-hartzeko.
Udalak jakinarazi duenez, “arrisku indize altuena” Oiartzun ibaiak du, uholdeak sor daitezkeelako. Hala ere, uholde horiei aurre egiteko “gaitasun handia” dagoela ebatzi dute.
Hala ere, gerta daitezkeen lehorteek nekazaritza eta abeltzaintzan sor dezaketen inpaktuei aurreko egiteko gaitasuna txikiagoa da.
Azkenik, linea elektrikoetan kalteak sor daitezkeela ohartarazi dute. “Tenperatura altuek linea elektrikoetan kalteak eragiteko arrisku maila ere handitzen joango da datozen urteetan”, zehaztu du udalak.
Galdetegiak, eskuragarri
Diagnosiak utzitako emaitzekin, udalak lehentasunak identifikatu ditu. Horren harira, udala ekintzak zehazten ari da, datozen urteetan aplikatzeko.
Herritarren proposamenak ere jaso nahi dituzte. Galdetegi bat prestatu du udalak, auzoetan eta herriko beste hainbat txokotan klima aldaketa gutxitu eta inpaktua txikitze aldera. Oiartzuarrekin batera erabaki nahi dituzte neurri horiek.
Irailaren 4ra arte egin daitezke proposamenak. Online egin daiteke, eta herriko zenbait tokietan jarri dituzte galdetegi eta buzoiak. Xanistebanak bukatu ondoren aurkitu ahal izango dira honako txokoetan:
Elizalde
- Kastro taberna.
- Landetxe taberna.
- Hirubide taberna.
- Girizia elkartea.
- Ibargain elkartea.
Altzibar
- Albistur taberna.
- Auzo lokala.
- Eroski city.
Arragua
- Alhambra taberna.
- Aiako kafetegia.
- Aldeguna elkartea.
Ugaldetxo
- Intxixu taberna.
- Auzo lokala.
Iturriotz
- Gure Txoko taberna.
- Iturri Berri elkartea.
- Auzo lokala.
Ergoien
- Auzokalte elkartea.
- Tolare taberna.
Gurutze
- Toki Alai taberna.
- Bizardia elkartea.
Karrika
- Artaso elkartea.
- Plazako autobus markesina.