Banderarik gabeko arraun asteburua Oarso-Bidasoan
Indarrak hartzeko baliatu beharko dituzte asteburuko estropadak etxeko traineruek. Arraun panoramaren errepasoa egin du HITZAk.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/08/sanpedrotarra-libia.jpg)
Arraun kategoria guztietako lau bandera izan dira jokoan asteburu honetan. Bina estropada izan dituzte Eusko Labeleko arraunlariek, Euskotrenekoek, nahiz KAE2koek. KAE1ekoek, bakarra.
Oarso-Bidasoko zortzi ontzi ari dira uretan bi eskualdeak ordezkatzen: Hondarribia Eusko Label, Euskotren eta KAE1en; Hibaika Euskotren eta KAE2n; San Juan KAE1 eta KAE2n; eta San Pedro KAE1en. Horien denen artean, banderarik poltsikoratzea ez dute lortu. Indarrak berreskuratzeko baliatu beharko dituzte azken lehiak ohorezko postuetan mantentzea lortu nahi badute.
Eusko Label Liga
Gizonezkoen arraun kategoria nagusian, Hondarribia Oarso-Bidasoko ordezkari. Larunbat nahiz igandean uretaratu dute traineru berdea, lehenengo etxean, Hondarribiko XXXVI. Bandera – Mapfre Sari Nagusiaren bila, eta atzo Lekeition, XXXVIII. El Correo Ikurriñaren bila. Batean nahiz bestean, ez dute banderarik poltsikoratu ahal izan.
Larunbatekoan 10 puntu poltsikoratu zituzten, hirugarren eginda, Urdaibai eta Zierbenaren atzetik, hurrenez hurren. Igandean, postu bat beherago, Urdaibai, Donostiarra eta Zierbenaren atzetik.
Gauzak horrela, bigarren postuari eustea lortu dio Ama Guadalupekoak asteburua pasata, baina Urdaibairekiko tarte laburra —lehenarekiko puntu bakarrera zegoen ostiralean— seikoiztu zaie orain. 123 eta 117 puntu dituzte, hurrenez hurren. Hirugarren Zierbena da, 112rekin.
Euskotren Liga
Hondarribiko eta Errenteria-Oreretako emakumeek ere, lehia bikoitza, kokaleku berdinetan. Larunbatean XV Txingudiko Bandera – Balfego Sari Nagusia izan zuten jokoan etxean, eta igandean Lekeition, XII. Euskotren Bandera.
Ez Bidasokoek ez Oarsoaldekoek, ez dute banderarik lortu asteburuko estropadetan. Hondarribikoa Donostia Arraun Lagunakek poltsikoratu zuen, eta bosgarren eta zazpigarren —zortzi traineru dira ligan— izan ziren, hurrenez hurren, Ama Guadalupekoa eta Hibaika. Lekeition, berriz, buruzagitza berbera mantendu zuten donostiarrek eta postu bat gora egin zuten oreretarrek. Hondarribia postuan mantendu zen.
Puntu horiek batuta, asteburuko estropadekin ez da aldaketarik izan traineru hauen postuetan, sailkapen orokorrari dagokionez. Bosgarren da Hondarribia, eta seigarren Hibaika.
KAE1
Igandean Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XVII. Bandera izan zen Hondarribiko uretan, KAE1eko nork eskuratuko zain. Lapurdik egin zuen lehenengo norgehiagoka hori, eta atzetik sailkatu ziren Arkote eta San Pedro. San Juan zazpigarren izan zen, eta bederatzigarren Hondarribia.
Hamabi traineru dira kategoria horretan ari direnak aurten, eta pasaitarrak txukun nagusitzen ari dira horien artean. Txukun bai, baina igoerarako zertxobait gehiago beharko dute. Libia txukun mantendu da bigarren postuan asteburukoa pasata, eta bost puntuko abantaila dio Lapurdik. Bide onean doa, beraz, play-offetarako sailkatzeko. Arrosek, ordea, postu bat behera egin dute, hirugarrenetik laugarrenera. Arkotek aurreratu ditu.
Ama Guadalupekoa bederatzigarren da KAE1eko sailkapen orokorrean.
KAE2
KAE2koek, lehia bikoitza. Larunbatean, Ondarroan, Goimek Sari Nagusia. Hibaikak zazpitik seigarren egin zuen, eta azken San Juanek. Atzo, berriz, apur bat hobe. Hondarribia Arraun Elkartea Bandera banderagatik egin zuten arraun, eta Hibaikako gizonek bosgarren egin zuten, eta seigarren, berriz, sanjuandarrek.
Horiek horrela, sailkapen orokorrak honako itxura du: Orio eta Portugalete, hurrenez hurren, buruzagitzan. Oarsoaldeko ordezkariak, ohorezko postuetatik urrun. Bosgarren Errenteria-Oreretakoak eta seigarren San Juangoak. Azkena, Mutriku.