Pasaia Kayak, txukun, Sellako Nazioarteko Jaitsieran
Mundu osoko milatik gora palisten kontra jardun zuten pasaitarrek joan den asteburuan, Sellako Nazioarteko Jaitsieraren 85. edizioan.
Larunbatean lehiatu zen mundu mailan ezaguna den Sellako Nazioarteko Jaitsieraren 85. edizioa, eta bertan izan zen Pasaia Kayak talde pasaitarra, Senior kategorian lehiatzen gainera, gero eta indar gehiago hartzen ari den K-2 mistoen proban.
Ohikoa denez, milatik gora palistek parte hartu zuten jaitsieran, mundu osoko hogei herrialde ingurutik hurbildutakoak. Pasaia Kayakeko Eukene Saez errenteriarra eta haren bikote Iñaki Fernandez izan ziren pasaitarren ordezkari nagusiak ibaietako piraguismoaren festa handi horretan.
40 bikote misto baino gehiagok parte hartu zuten proban, 20 kilometroko ibilbidea betetzeko, eta zorte handiegirik izan ez bazuten ere, merituzko seigarren postua lortu zuten pasaitarrek. Bidean topatu zituzten gorabehera guztiak gainditu zituzten gainera, ibaian gurutzatu zitzaien piragua batek uretara jauzarazi baitzituen probaren lehenengo laurdenean.
Halere, ez zuten etsi, aurrera egin zuten. Begiz jota zuten Nafarroako Federazioko bikotearen atzetik bukatu zuten, eta podiumean hirugarren postua lortu zuen Irlandako bikotearengandik bi minutu baino gutxiagora bukatu zuten azkenean. Aipatzekoa, halaber, lehenengo sei bikoteetako hiru euskal ordezkariak izan zirela. Irabazleak, besteak beste, Zumaiako Itxas-Gain taldeko Amundarain anai-arreba irundarrak izan ziren.
Datorren astean jokatuko den ur lasaietako maratoi modalitateko Espainiako Txapelketa prestatuko dute orain marea urdineko palistek, Sellan falta izan dute zortea oraingoan lagun izango dutenaren itxaropenarekin.