Portuko lan siderurgikoak gauez egingo dituzte abuztuan
Salbuespenezko egoera dela ziurtatu du PPAko zuzendariak. "Bizilagunen deskantsua" bermatzeko neurriak iragarri dituzte.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/08/pasaiako-badia-gauez.jpg)
Joan den astetik, Gipuzkoako Foru Aldundia Andoaingo N1 errepidearen 440. kilometroan dagoen zubia zaharberritzeko lanekin ari da. Hori dela eta, inguruko trafikoaren joan-etorriak lanen eraginak jasaten ari dira, eta Lezo, Pasaia eta Errenteria-Oreretan lur hartzen duen portuan ere eragingo dute lan horiek.
Pasaiako Portu Agintaritzak emandako informazioaren arabera, gaurtik hasi eta hilabetea bukatu bitarte, portuaren jarduketa ordutegietan aldaketak izango dira. “Zaharberritze lanek gurpildun trafikoan izan lezaketen eragina gutxitzeko helburuz, PPAk eta eragindako trafiko operadore nagusiak erabaki dute euren lanaldia moldatzea, gaueko lanaldiak ezinbestekoa den gutxienekora mugatuta, betiere”.
Hala, aipaturiko epealdian portuak salbuespen gisa baimenduko du siderurgia produktuen manipulazio lanak astegunetako gaueko ordutegian egitea. Horren arrazoi nagusia da hil hasieratik 3,5 tonatik gorako kamioiei murrizketak ezarri dizkietela errepidean, 06:00etatik 22:00etara bitartean.
Hori horrela, eta produkzio siderurgikoak aurrera egin dezan bermatzeko, Goierritik datorren altzairu trafikoa gauez helduko da Oarsoaldeko dartsenara, gero merkatu desberdinetara banatzeko.
PPAko zuzendari David Candelariok esan du funtsezkoena portu-komunitatearen “eragozpenak” minimizatzea izango dela: “Pasaiako Portuaren gain berehalakoan etorri den eta portuarekin zerikusirik ez duen egoera da hau, zeinari irtenbidea aurkitu behar diogun. Operatiboa soinuak gutxitzeko helburuz gauzatuko da, horrek eragin ditzakeen eragozpenak txikitzen ahaleginduz eta, hala, lan horiek bateragarri eginez bizilagunen deskantsuarekin”.