Beste bi domina Pasaia Kayakentzat
Meritu handiko beste bi domina eskuratu berri dituzte Espainiako Kopan, master kategorian biak.
Argazkian: anartz Alonso, Iñaki Fernandez, Eukene Saez eta Ioar Alonso, Trasonan. Joan den asteburuan Trasonako (Asturias) urtegian izan ziren Pasaia Kayakeko kirolariak, ur lasaietako maratoi modalitateko Espainiako Kopan hain zuzen. Orain arte txapelketa honetan lortutako emaitza onei eusteko gai izan dira berriro, meritu handiko bi domina poltsikoratu baitituzte, master kategorian biak.
Iñaki Fernandezek eta Eukene errenteriarrak osatutako K2mistoak maila eman zuen beste behin ere, 15.400 metroko proban. Hasieratik lehiaren buru izan ziren, baina pixkanaka Zamorako ordezkariak eta Zumaiako Itxas-Gainekoek aurrea hartu zieten Pasaiako ordezkariei. Dena den, azken itzuliaren bukaeran bigarren postua hartu eta horrela bukatu zuten lehia, merituzko zilarrezko domina lortuta.
Zorionez, ez zen domina bakarra izan. Izan ere, Anartz Alonso oiartzuarra bigarren izan zen 19.000 metroko proban, honek ere zilarrezkoa eskuratuz.
Ior Alonsok ere ordezkatu zuen kluba Asturiasen, baina ez zen dominarik lortzeko gai izan. Kadete kategorian aritu zen, 11.800 metroko proba txukun bete ondoren, 12. postuan bukatu zuen lehia (top 10etik segundo oso gutxira geratu zen).
Larunbatean beste hitzordu bat izango dute Pasaia Kayakekoek Donostiako Nauticok Euskadiko Itsas Kayakeko Koparen barruan antolatzen duen klasikoan. Irailean berriz, modalitate horretan, Denian (Alacant) jokatuko den Espainiako Txapelketan izango dira pasaitarrak.
