'Libia', KAE 1 Ligako txapeldun
150 punturekin, garaile izendatu dute San Pedro. Liga handietan berriz, gure taldeek ez dute banderarik ekarri Oarso-Bidasora.
Asteburu biribila izan da Sanpedrotarra taldearentzat. Bilbon izan dira elkarteko arraunlariak, eta emaitza ezin hobeekin itzuli dira etxera. Asteburuko estropada KAE 1 liga bezalaxe bukatu dute: lehen postuan. 20:22,83ko denbora egin dute Bilbon, 12 puntu eskuratuta. Hauei esker, txapeldun izendatu dute ‘Libia’, 150 punturekin bukatu du txapelketa.
Xabier Isasa presidentearekin hitz egin berri du HITZAk, asteburukoaren balorazioa egin eta datorrenaren gaineko gogoeta egiteko. Aipatu du “oso pozik” daudela. “Esperantzak genituen hor egoteko eta egia da kirol honetan azkeneko momentura arte beti gerta daitekeela zerbait, baina zorionez ondo joan zen dena. Gustura gaude egindakoarekin. Herria gurekin dago, taldearekin dago. Orain politena eta gogorrena dator”, esan du.
Erantsi du Kontxari begira jarri direla dagoeneko ‘Libia’-ko arraunlariak. “Hurrengo erronka Kontxa dugu. Badakigu zaila izango dela hor sartzea, baina dena emango dugu. Orain deskantsatu eta indarrak hartuko ditugu”. Kontxaren ondoren, irailaren 16 eta 17ko playoffak prestatzen hasiko direla dio, “buru-belarri”.
San Juan ere fin aritu da asteburuan. Hirugarren postua eskuratu dute Bilboko estropadan, 20:25,27ko denbora lortuta. Tamalez, sailkapen orokorrean ez dira lehen postuetan txoko bat egiteko gai izan sanjuandarrak, laugarren bukatu dute (125 punturekin).
Hondarribiarrentzat ez da asteburu onena izan. Hamargarren izan dira, (21:05,63ko denborarekin) eta bederatzigarren postuan bukatu dute txapelketa, 60 punturekin.
Liga handietan, banderarik ez
Bukatutzat eman dute ere Euskotren Liga asteburu honetan, Zarautzen eman diote bukaera lehiari. Donostia Arraun Lagunak taldea izan da azkarrena, hortaz, bigarrenez eskuratu du Euskotren Garaikurra.
Gure emakume ordezkariak ez dira lehenengoen artean txoko bat egiteko gai izan, ez asteburuan, ez sailkapen orokorrean ere. Hala, asteburuko emaitzak kontuan hartuta, bosgarren postuan bukatu du txapelketa Hondarribiak (54 punturekin) eta seigarren izan da Hibaika (39 punturekin).
Zarautzen ere izan dira Eusko Label ligako gizonak, Zarauzko XLVI Ikurrina jokatu baitute. Hirugarren posturako lehian izan zuen Ama Guadalupekoak Donostia Amenabak UKrekin. Oso berdinduta aritu ziren, baina azkenean donostiarrek hiru segundoko aldea atera zieten hondarribiarrei. Beraz, laugarren postuarekin konformatu behar izan dira. Hala, Hondarribiak hirugarren postuan jarraitzen du, 155 punturekin.
