Heltan izena emateko epea ostiralean hasiko da
Irailaren 1etik 10era bitartean eman beharko da izena, online edo aurrez aurre. Aurten 21 ikastaro eskainiko dituzte Helduen Tailerrek.
Helduen Tailerrek (Heltak) 2023-24 ikasturteak dakarren eskaintza aurkeztu du. 21 ikastaro izango dira aurtengoan.
Ohikoak izan ohi diren tailerrez gain, beste bi berritasun batu dira: ariketa hipopresiboak eta Emakume izatea gaurko gizartean izenekoa.
Gainontzekoak honakoak dira: ariketa mentala, bertsolaritza, ehoziria, egur taila, euskal dantza, gimnasia, gitarra, joste lanak, luzaketak, margolaritza, patchwork, pilates, pilates terapeutikoa, tai chi, yoga, zaharberritzea, dantza latinoamerikarrak, masajea, eta Zaintzailea zaintzen.
Ordutegi guztiak dokumentu batean bildu ditu Heltak.
Izena emateko pausoak
Aurrematrikula online egiteko aukera izango da, Heltaren webgunean. Aurrez aurre ere egin daiteke.
Horretarako, Karaez 4ko lokaletik pasatu beharko da, irailaren 4tik 8ra (datorren astean). Honakoa izango da ordutegia: 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
55 urtetik gorako oiartzuarrek lehentasuna
Mende laurden baino gehiagoko ibilbidea darama Heltak, udalaren laguntzarekin, helduen hezkuntza, integrazioa eta garapenerako jarduerak antolatzen.
Arrakasta handia dutela nabarmendu dute antolatzaileek, iaz 900 lagunek parte hartu baitzuten tailerretan.
Hala ere, ikasle kopurua mugatua da. Horregatik, talderen batean jende gehiegik emango balu izena, oiartzuarrek eta 55 urtetik gorakoek izango dute lehentasuna.
Iraila erdialdean argitaratuko dituzte onartutakoen zerrendak, eta orduan egin beharko da ordainketa. Tailerrek 85 euroko prezioa izango dute oiartzuarrentzat, eta 115ekoa gainontzekoentzako.
Informazio gehiago behar duenak e-posta bidez idatz dezake, edo 618 091 176 telefono zenbakira idatzi.