Bi graduatu berri Albaolaren ontzigintza tradizionalean
Orlagh Thomson eta Oscar Cebria dira graduatu berriak. Hiru urte pasa dituzte Albaolan ikasten, eta atzo jaso zuten graduazio diploma. Orotara, hamalau dira Alabaolan graduatu diren ikasleak zentroak 2017an ateak ireki zituenetik. Ekitaldia borobiltzeko, 'Rosan' itsasontzi irlandarra itsasoratu zuten.
Atzo Albaolako Nazioarteko Ontzigintza Eskolako aprendizen graduazioa egin zen Albaola Itsas Kultur Faktorian. Aurten bi dira ontzigintza tradizionalean graduatu diren ikasleak: Orlagh Thomson irlandarra eta Oscar Cebria kataluniarra. Bi ikasleak 2020ko promoziokoak dira, ikasleek prestakuntza hiru urtetan osatzen baitute. Albaolako ontzigintza eskolak 2017an hasi zuen bere bidea, eta sei urteko ibilbidean Thomson eta Cebrianekin hamalau dira jada ontzigintza tradizionalean graduatu diren arotzak. Zentroak ateak ireki zituenetik, “erreferentziazko” prestakuntza zentro bihurtu dela adierazi du Albaolak.
Albaolak zehaztu du Euskal Herria “maila goreneko” ontzigintza arotzen lurraldea izan den arren, azken hamarkadetan lanbide hori “ia desagertu” egin dela. Albaolako kideak ziur dira kudeatzen duten ontzigintza eskolak “bizi hauspoa” ematen diola ofizio horri. Albaolarentzat ondarea salbatzeko “gakoetako bat” ezagutza transmititzea da. Hori dela eta, eskolak egiten duen lana ofizio horren defentsan egindako “lorpen handienetako bat” dela esan dute harro.
Albaolako eskola Ameriketako Estatu Batuetan ontzigintza tradizionalaren irakaskuntzan aitzindaria den Lance Lee-k sortutako ereduan dago oinarrituta. Albaolak jakinarazi du formakuntza horren helburu nagusia dela egurrezko ontzien eraikuntzaren teknologia, teknikak, tresnak, lehengaiak eta gainerako osagaien biziraupena bermatzea. Albaolako ikasketetako izen-emateak pertsona orori zuzenduta daude, eta hiru urteko iraupena dute. Aprendizen aukeraketa egiteko, aldiz, “bi irizpide nagusi” hartzen dituzte kontuan: motibazioa eta konpromisoa.
Atzoko graduazio ekitaldian, bi aprendizek graduazio diplomak jaso zituzten Albaolako langile, gainontzeko aprendiz eta lagunez inguratuta. Ekitaldiaren hasieran Xabier Agote presidenteak hartu zuen hitza eta eskolak Albaolarentzat duen garrantzia nabarmendu zuen: “Aprendiztegi Albaolaren lorpen handienetako bat da, ezagutzaren transmisiorik gabe ezin baita ondarearen iraupena bermatu”.
Bi graduatuek “pozik eta eskertuta” jaso zuten diploma. Oscar Cebria: “Oso pozik eta eskertuta nago Aprendiztegin izandako esperientzia bakar honengatik. Oso aberasgarria izan da profesional zein pertsonalki eta hau posible egin duten guztiak nirekin eramango ditut”. Orlagh Thomson: “Duela hogei urte Irlandan elkar ezagutu genuenean, ez nuen imajinatuko nire bizitzako garai garrantzitsu hau zuen artean igaroko nuenik. Plazer handia izan da esperientzia hau Albaola osatzen duzuen guztiokin partekatzea, ahaldunduta sentiarazi nauzue”.
‘Rosan’ ontziaren itsasoratzea
Graduazio ekitaldia borobiltzeko, ‘Rosan’ ontzia bota zuten itsasora. ‘Rosan’ hitzak ‘aldeko haizea eta itsaso barea’ esan nahi du gaelikoz. Foyle punt motako irlandar itsasontzia da ‘Rosan’. 5,30 metroko luzera, 1,65 metroko zabalera eta 0,90 metroko altuera ditu. Orlagh Thomsonek eta Roberto Hurtado bigarren urteko ikasleetako batek egin dute atzo itsasoratu zuten ontzia. Horrez gain, eraikuntza Maurizio Borriello irakasleak eta Mikel Leoz ondare teknikariak zuzendu dute. Biak ala biak bidelagun izan dituzte prozesu guztian zehar.
Donal MacPolin ontzi tradizionalean aditua eta idazlea Irlandatik etorri da Albaolara. Itsasontziaren eraikuntzaren prozesuan bere laguntza eskaini die aprendizei foyle punt-en irudiak ahalbidetuz eta bere aurretiko esperientzia partekatuz. Atzo Albaolan izan zen MacPolin.
Albaolak nabarmendu du foyle punt-aren itsasoratzea Albaolak Irlandarekin izan duen harreman luzea ospatzeko “une ezin hobean” izan dela, hogei urte bete baitira ‘Navigating Peace’ zeharkaldia egin zenetik. Ipar Irlandako Causewat Coast Maritime Heritage Group elkarteak hasitako proiektuan, Albaolak ‘Ameriketatik’ traineruarekin hartu zuen parte. Uda zen, eta irlandarrek eta euskaldunek batera nabigatu zuten, Irlandara bira oso bat eginez, sei aste iraun zuen zeharkaldi batean.
Zeharkaldi horren ondoren, irlandarrek Euskal Herria bisitatu zuten 2012an ‘Arraunean konponbidean’ proiektuarekin. Aipatutako guztiagatik, ‘Rosan’ itsasontziaren itsasoratzea ospakizun bikoitz moduko bat dela zehaztu du Albaolak, “beti baita garrantzitsua egurrezko ontzi berri bat sortzea, baita lankidetza eta kulturartekotasuna ere”.
