[Bideoa] Atlantikaldiak hasi du atzerako kontaketa
Bitakora lelopean hilaren 14tik 17ra egingo den Atlantikaldiaren hamargarren ekitaldirako 59 jarduera antolatu dituzte.
Atlantikaldiaren hamargarren ekitaldia hasteko astebete baino ez dela falta, gaur eman dute programa osoaren berri. Musika, dantza, artea, literatura, historia eta gastronomiarekin lotutako 59 jarduera eta emanaldirekin ondu dute aurtengoa.
Aizpea Otaegi alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Joxean Ruiz de Azua Atlantikaldiaren zuzendariak eta Mari Jose Telleria aldundiko Kultura Zuzendariak egin duten agerraldian xehatu dituzte oraindik ezagunak ez ziren musika jaialdi eta kultur topagunearen aurtengo ekitaldiko emanaldiak.
Hamargarrena Bitakora leloarekin egitea badu bere arrazoia, “bitakora horretan jasotzen joan gara edizioz edizio Atlantikaldiak eman dizkigun momentu eta bizipen horiek osatzeko, eragile sortzaile, herritar guztion artean osatzen joan garen bidaia koaderno horri egiten dio erreferentzia aurtengo leloak, idazten jarraitzeko gonbidapena, eta herri gisa hartzen dugun konpromisoa ere”, azaldu du Otaegik.
Aurtengo Atlantikaldia “askotariko eragile eta askotariko proposamenek” osatu dutela jarri du agerian, “pentsatzen dugulako diziplina eta sormen esparru ezberdinen bidez lor dezakegula Atlantikaldiaren bidez bilatzen duguna: elkarbizitza eta kultura ezberdinen artean zubiak eraikitzea”. Ideiak eta proposamenak Atlantikaldiaren zerbitzura jarri dituztenei, esker ona azaldu die udal agintariak, “ez nuke aipatu gabe utzi nahi Atlantikaldiak beti egin duela emakumeen sorkuntzaren aldeko apustua, eta esango nuke aurten inoiz baino nabarmenagoa dela apustu eta konpromiso hori programazioan dauden sortzaileen erdia baino gehiago emakumeak direlako”.
Aitortza berriro, eragile askoren hilabetetako lanari, “horien proposamenei esker osatzen dugulako Atlantikaldiaren programa”. Lankidetza horretan kokatu du Gipuzkoako Foru aldundia eta haren izenean hitza hartu du Mari Jose Telleriak. “Hamar urteko bideak atzera begira jartzeko aukera ematen du eta begirada horretan ikusi daiteke Errenteriako Udalak egin duen apustu sendoa Atlantikaldiaren alde. Hasiera hasieratik halako punta puntako artistekin egitarau sendoa osatzeko ahalegin handia egin zen, aurrekontu sendo bat jarrita ere. Pausua hortik, baita berdintasunaren alde. beti izan da horren aldeko asmoa eta grina”. Aniztasuna ere aipatu du Kultura zuzendariak eta Atlantikaldiari aitzindari papera aitortu dio, “mestizaje hitza inoiz erabili izan da, mestizaje horretan kultura ezberdinak batzen dira, baita diziplina ezberdinak ere”.
Lau agertoki nagusi
Atlantikaldiak lau agertoki nagusi izango ditu:kartel buruen oholtza izango den Itsasargi Nagusia —Agirre Lehendakariaren plaza—, emanaldi intimoagoak eskainiko dituen Herriko Plaza, artista urbanoen espazioa izango den Kalekaia —Panier— eta jarduera parte hartzaileetarako gunea izango den Herrixka —Foru Plaza—. Azken hori, gastrogune ere izango da bertan jarriko dituzten foodtrucketako eskaintza gastronomikoarekin.
Lau gune nagusiak horiek, baina ez dira Atlantikaldian barrena agertoki izango diren bakarrak. Torrekuako ingurua ere agertoki natural bilakatuko da aurten dantzaren bidez: Kukai Dantzaren Yarin site specific eta Share dantza proiektu kolektiboan parte hartzen duten nazioarteko dantzariek saioak emango dituzte bertan hilaren 16an.
Musika emanaldien berri eman du Ruiz de Azuak: “Estilo, genero eta jatorri anitzetako proposamenak taularatuko dira”. Honakoak dira: Szamana Contraste, Olaia Inziarte, EDE, Yaima Orozco, DJ Rita, Doble & Hugsound, rebeca Lane, Yassar, Ramada Inn, Olana Liss, Malva Vela, Deñe, Trouble Woman, Eire, Mirua, Etxepe eta Denso, besteak beste.
Ez dira faltako errenteriako EMKE Bandaren Bi lurralde, hizkuntza bat emanaldia eta bertako herri arte Eskolak Galesko hiru artistekin egindako hilabeteetako elkartrukearen emaitzaren taularatzea, Galestar konexioa.
Zerrenda luze horri Itsas Elkarrizketak gehitu dizkio Atlantikaldiaren zuzendariak. Aurten, Femina eta Bea eta Idoia asurmendi, Aywa eta Kimu Txalaparta, Nidia Gongora eta Olaia Inziarte, Bia Ferreira eta Iban Nikolai, Rodrigo Cuevas eta Dupla, eta Hekthorfolk izango dira protagonistak. Ruiz de Azuak gogora ekarri duen moduan, nazioarteko eta bertako sortzaileak taula gainean elkarrekin ariko dira, “jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzea du xede iniziatiba horrek, inoiz batera taularatu gabeko emanaldiak lehenengoz, Atlantikaldiako publikoari eskainiz. Elkarlan hauek jaialdiaren berezigarri nagusienetako bat dira”.
musika eta dantza emanaldiekin batera, literatura, gastronomia, haur nahiz helduentzako ikastaro eta tailerrak ere antolatu dituzte: paddle surfa, bisita gidatuak, bitakontakizunak, ziklobira, dantza polinesiarrak, afro urban tailerrak…
Atlantikaldia Errenteria-Orereta ezagutu eta modu berezian bizitzeko aukera ere badela jarri du nabarmen bere aldetik maite Gartzia Kultura zinegotziak. Horren harira hilaren 14tik 17ra egingo dituzten bisita gidatuak aipatu ditu, euskaraz zein gaztelaniaz izango dira, haur eta helduentzat.
Galdu ezineko beste hitzordua, gastronomiarekin urtero Atlantikaldiak egiten duena Sukaldian programari esker: “Parte hartzaileek herriko elkarte gastronomikoetan prestatuko dituzte Errenterian errotuta dauden Maroko, Peru, Ukrainia, Nikaragua, Nepal, Aljeria eta Ijito herriko platerak. Ondoren Herrixkan jaki horiez gozatzeko aukera izango da euro baten truke”.
Oiartzun ibaiaz gozatzeko aukera ere izango da hilaren 16an, larunbata, ordu ezberdinetan. Jardueretan eta tailerretan izena emateko epea zabalik dagoela gogorarazi du kultura zinegotziak. Horretarako hemen klik egin.
Gaurko agerraldiari ginga jartzeko, Atlantikaldiaren aurrerapen txikia egin du Szamana Contraste taldeak. Karolina Kinastowska poloniarrak eta Hugo Silveira brasildarraren proiektua Atlantikaldiak balioan jartzen duen mestizaje horren adibide da zalantzarik gabe. Silveirak nabarmen jarri du beraien proiektuak Euskal Herrian dagoen aniztasun eta aberastasun kulturalaren adibide bat dela, “Polonia eta Brasil arteko bidean topagune gara, eta nahasketa hori ere egiten dugu Brasil eta Polonia arteko kontsonantzia eta disonantziak, kontrasteak”.
Amaitzeko, gonbidapena egin du Otaegik Atlantikaldiarekin gozatzera, “herritarrei zein herritik kanpo datozenei ere eta noski, eskaera garraio publikoa erabil dezaten”.
Atlantikaldiaren egitarau osoa egunez egun hemen klik eginda kontsulta daiteke.